DESGAITASUN ARLOKO HITZARMENA

ELAk negoziazioaren blokeoa salatu eta langileak pobretzen dituen soldata proposamena baztertu du

2026/11/18
ELAk negoziazioaren blokeoa salatu eta langileak pobretzen dituen soldata proposamena baztertu du
Patronalaren eskaintza ez da nahikoa. Izan ere, 2026rako %2ko eta 2027rako %4,5eko soldata igoerak proposatu ditu, aurreko urteetan galdutako erosahalmena berreskuratu gabe.

ELAk elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuarekin hitzartutako zentroetako Desgaitasuna duten Pertsonen Arretarako VI. Hitzarmenaren negoziazioan dagoen blokeoa salatzeko. Langileen ordezkaritzaren eta patronalaren —Grupo 5, Avanvida, Adacen, Anfas eta Aspace— artean 35 bilera egin ondoren, ELAk enpresen negoziatzeko borondate falta salatu du.

Azaroaren 12an egindako azken bileran, patronalak %2ko soldata igoera proposatu zuen 2026rako eta %4,5ekoa 2027rako, baldin eta abendua baino lehen onartzen bazen. ELAren ustez, proposamena ez da nahikoa, eta 2024ko eta 2025eko soldata galeren berreskurapena kanpoan uzten du. Bi urte horietako KPI metatua %8,2 ingurukoa da. Gainera, eskaintza 2025eko abenduan enpresek aurkeztutako proposamena baino txikiagoa da: orduko hartan, lanaldia zazpi ordu murriztea ere jasotzen zen.

ELAk salatu du proposamena ultimatum gisa aurkeztu dela, 2028rako baldintza egokietan negoziatuko dela bermatu gabe. Era berean, ANADPren babesik eza deitoratu du, baita gainerako sindikatuek patronalak ezarritako oinarrien gainean negoziatzen jarraitzea onartu izana ere.

ELAk berretsi du ez duela sektoreko langileen erosahalmena galtzea dakarren akordiorik sinatuko. ELAk soldata duinak bermatuko dituzten eta langileak pobretzea geldiarazten lagunduko duten soldata igoerak aldarrikatzen ditu.