2.438 langabetu gehiago daude martxoan

2022/04/04
2.438 langabetu gehiago daude martxoan
Berriz ere enplegua suntsitu da Hego Euskal Herrian, eta enplegu gabeziaren igoera 1.975 pertsonatan kokatu da otsailarekin alderatuta, hau da, % 1,32ko igoera eman da. Gainera, hirugarren hilabetez jarraian igo da enplegu gabeko kopurua; zehazki, aurten 4.612 pertsona gehitu dira langabeziara. EAEn 1.270 langabetu gehiago daude, eta Nafarroan, 705. Horrela, langabezia tasa %11,1eraino igo da, beste behin ere, Europako eta inguruko herrialdeetako batez bestekoaren oso gainetik.
Kontratazioari dagokionez, kontratuen behin-behinekotasun tasa zertxobait hobetu da aurreko hilabeteetako kopuruen aldean; hala ere, behin-behinekotasunaren ehunekoa handia jarraitzen izaten du. Espainiako lan ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen %80 aldi baterakoak izan dira. Kontratazio mugagabearen barruan, estatuan (ez baitago autonomia erkidegoen arabera banakatuta), nabarmen igo da aldizkako kontratu finkoen erabilera; zehazki, kontratu mota hori %572 igo da iazko hil beraren aldean. Gogora dezagun aldizkako finkoen hobekuntzak hutsalak direla eta estatistikak makillatzera datozela.

Adierazi beharreko beste kontu bat da Espainiako Lan Ministerioak emandako zifrek egiaztatzen dutela desenpleguan inskribatutako pertsonen erdiek baino gehiagok ( %55,3) ez zutela inolako prestaziorik jaso otsailean.
Udaberriko ziurgabetasun eta krisi egoeraren aurrean, ezinbestekoa da antolatzea eta mobilizatzea, lan prekarietatearekin amaituko duten eta sektore publikoan zein pribatuan lan baldintzak duinduko dituzten neurrien alde borrokatzeko. Horregatik, ELAk neurri irmoak exijitzen ditu gaitz horrekin amaitzeko: prekarietatearen aurkako neurriak ezartzea, soldata arrakalaren aurkako neurriak hartzea, enplegua finkatzea eta KPIarekin bat datozen igoerak ematea. Gainera, sindikatua 541.600 lanpostu prekarioko kanpaina egiten ari da Euskal Herriko kaleetan, eta ekitaldi bat egingo du apirilaren 6an, 'Lan prekarietatea deuseztatu behar dugu!' lelopean.