JAURDUNALDI EKOSOZIALISTA

ELAk parte hartuko du Gune Ekosozialistak eta OMALek antolatutako "10 años de ecosocialismo en Euskal Herria" jardunaldietan

2026/05/08 Ingurumena
ELAk parte hartuko du Gune Ekosozialistak eta OMALek antolatutako "10 años de ecosocialismo en Euskal Herria" jardunaldietan
Jardunaldiak larunbatean, maiatzaren 9an, burutuko dira Sarrikon (Bilbo), eta mugimendu ekosozialistaren azken hamarkadaren balantzea egiteko balioko dute, estrategiak eguneratzeko eta sindikalismoaren, feminismoaren, ekologismoaren eta herri-mugimenduen arteko aliantzak indartzeko.

Inaugurazio hitzaldia munduko ordena berriari eta krisi ekosozialari buruzjardungo du, eta ondoren etxebizitzari, zaintzei, elikadura-burujabetzari eta industriaren eraldaketa ekosozialari buruzko hainbat tailer tematiko ere egongo dira. Azken horretan, ELAk parte hartuko du, eta langile klasearentzako eta euskal industria-sarearentzako bidezko trantsizio baten erronkei helduko die.

2026an 10 urte beteko dira Bilbon egindako III. Topaketa Ekosozialistetatik. Une egokia da azken manifestu hartan jasotako konpromisoak aitortu, baloratu eta eguneratzeko.

ELAtik azpimarratu nahi dugu oso garrantzitsua dela eztabaida eta artikulazio kolektiborako guneak sortzea gure garaiko erronka ekologiko, sozial eta laboralei aurre egiteko, langileen bizitza eta eskubideak erdigunean jarriko dituzten proposamenak indartuz.