ELAk Troquenorreko kaleratzea salatzen du
Negoziazio kolektiboaren egoera aztertu asmoz ELAk egindako prentsaurrekoan Adolfo Muñoz idazkari nagusia gaiaren inguruan mintzatu da. “Produktu on bat duen enpresa bat dugu, langile gaituak dituena, balio handiko makineriarekin eta zalantzarik gabeko bideragarritasuna duena. Enpresa-kudeaketa negargarri baten ondorioz, eta pabilioiko jabeekin 250.000 eurotako zorra zuela-eta, kaleratze agindu bat iragartzen zaigu. Ahaztu gabe, noski, pertsona horrek milioi askotako zorra duela Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Gizarte Segurantzarekin”.
“Testuinguru honetan –gaineratu du Muñozek– geure buruari egiten diogun galdera agerikoa da: zein da Eusko Jaurlaritzaren industria politika? Ehun ertzain bidaltzea euren lanpostuak defendatzen ari diren langileak kaleratzera edo etorkizuna duen industria-proiektu bati konponbide bat bilatzen saiatzea? Argi dago lehen aukeraren alde egin dutela, eta horrek ondorio batetara eramaten gaitu; inolako industria politikarik ez dutela”.