ELAk dei egiten du bihar Bilbon "Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten” lemapean egingo den manifestazioan parte hartzera
Benetan larria da hildakoaren senideek eta ordezkari legalek ospitaleratzea gertatu eta honen berri hainbat egunetara izatea, eta bera ikusteko aukerarik ez ematea, edota bizi izan den azken egunetako txosten medikurik jaso ez izana. Antza, heriotzaren berri oso berandu eman zaie; oraingoz gorpua ezin izan dute ikusi, eta autopsia egiterakoan konfiantzako sendagileei ez diete egoteko aukerarik eman.
ELAren irudiko, gertakari hauekin zerikusia duten administrazioek erakundeei ez ezik iritzi publikoari eta giza-eskubideak babesten dituzten elkarteei azalpenak eman behar dizkiete.
Sindikatu honek uste du euskal preso politikoei ezartzen dieten espetxe-politika, duen salbuespen eta mendeku kutsua medio, onartu ezineko inpunitate-esparru bilakatzen dela. Preso gehienek pairatzen dituzten zigor luze eta luzagarriek, eta espetxeratze baldintza lazgarriek gaixotasunak larriagotzeko aukera handitzen du, jarraipen eta arreta mediku egokirik ez baitzaie ematzen. Sakabanatzeak, azkenik, pertsona hauen indefentsioa eta sufrimendua areagotzen du.
ELAk eskatzen du giza-eskubide guztiak urratzea amaitu beharra dagoela; hain zuzen, sakabanatze politika bertan behera utzi behar da, gaitz larriak dituzten presoak kaleratu, eta Parot doktrina ez da gehiago aplikatu behar. Halaber, preso guztien osasunerako eskubidea ere errespetatzea ezinbestekoa da.
Beraz, sindikatuak dei egiten die bere militanteei mobiliza daitezen, heriotza hau eta beroni babesa eman dioten politikak salatzeko. Hartara, Herrira mugimenduak egin dituen deialdiekin bat egin du: apirilaren 4an, osteguna, eguerdiko 12etan Bilboko Kontsulatu frantsesaren aurreko bilkura, apirilaren 5ean Basaurin, Galdakaon, Hego Euskal Herriko hiriburuetan.
Azkenik, ELAk dei egiten du Bilbon "Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten” lemapean bihar egingo den manifestazioan parte hartzera.