Nafarroako Gobernuak guardia zibilen "pasabidea" blindatzea kritikatu du ELAk
Foru Gobernuak atzo iragarri zuen 400 agente gehiago egongo direla Foruzaingoan, besteak beste, Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren eskumena esklusiboki bere gain hartzeko. Halaber, pasabidea egingo dela jakinarazi zuen, hau da, Guardia Zibila Foruzaingoan borondatez integratzeko prozedura.
ELA sindikatuak kritikatu du Foruzaingoaren plantilla handitzeko beharra badago, hau Estatuko izaera militarreko kidegoarekin egitea. Plazak LEP baten bidez bete beharko lirateke, Guardia Zibileko kideek inolako lehentasunik izan gabe.
Trafiko eskumena Nafarroara itzuli behar dela defendatzen du ELAk. Ildo horretan, LORAFNAk trafiko-eskumenak Nafarroari dagozkiola aitortzen duen arren, Estatuak usurpatu egin zuen frankismo garaian, eta gero beti zalantzan jarri izan du, inoiz Nafarroari erabat laga gabe.
ELA beti agertu da Nafarroak eskumen hori bere gain hartzearen alde, eta, horretarako, prozesu hori Foruzaingoaren plantilla handituz egitea defendatzen du, eta ez Guardia Zibila pasabidearen bidez Foruzaingoan sartuz. Hala ere, UPN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemosen zati batek onartutako 2018ko Polizien Legeak eta PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu, EH Bildu eta Izquierda Ezkerrak onartutako Nafarroako Aurrekontuek (Bosgarren Xedapen Gehigarria) Foruzaingoan Guardia Zibilak sartzea aurreikusten dute.
Gainera, Nafarroako aurrekontuetan (gutxienez 2022koak eta 2023koak) onartu zen guardia zibilei Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren langileek ordainsari-araudiaren gainetik jasotzen zituzten soldata-osagarriak ordainduko zitzaizkiela (hilean 744 euro gehiago, 2023ko datuak).
Foruzaingoak trafiko-eskumena bere gain hartzea lehen urratsa izan behar da Foruzaingoaren garapen integralerako, polizia-ereduari buruzko eztabaidari ere ekin behar baitio. Ildo horretan, ELAk Foruzaingo profesional baten aldeko apustua egin du, izaera zibilekoa, genero-ikuspegia duena eta herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzen dituena.