198.000 pertsona langabezian Hego Euskal Herrian

2016/04/04
Enplegu Zerbitzu Publikoaren datuek 2016ko martxoan 198.055 pertsona langabezia egoeran izen emanda daudela zehazten dute Hego Euskal Herrian, otsailean baino 1.596 gutxiago eta iaz baino 21.777 gutxiago. Lurraldeka, 153.936 langabe daude Euskal Autonomi Erkidegoan eta 44.119 Nafarroako Foru Erkidegoan. Joera berbera izan da lurralde bietan.

Langabe horietatik gero eta gehiago emakumeak dira (%54 jada, 2015eko martxoan %52,9 ziren bitartean). Gazteen langabeziari dagokionez, 13.379 gazte langabe daude HEHn (4.264 Nafarroan eta 9.115 EAEn), urtebete lehenago baino 2.016 gutxiago.

Bestalde, kontratazioa hazi egin da HEHn, behin-behinekotasun tasak ere gora egin duelarik: 97.785 kontratu egin dira martxoan (urtebete lehenago baino 6.830 gehiago) eta horietatik %92,5 aldi baterako kontratuak izan dira (2015eko martxoan %92,1 izan zirenean). Gazteen kasuan, tenporalitatea %94,4koa da HEHn. Zehaztu beharra dago kontratuen luzaerak ez direla argitaratu oraindik, gehienen epe-muga hilabete gutxi batzuk delarik.

Otsaileko datuen arabera, Hego Euskal Herrian langabezia egoeran zeuden 199.651 pertsonetatik soilik 80.971ek jaso zuten prestazioren bat; hau da, langabeen %59,4k ez zuen inolako prestaziorik jaso bere langabe egoeragatik; are gehiago, ehuneko hau gorantza doa azken hilabete eta urteotan, eta ez dirudi joera aldatuko denik. Langabe bakoitzeko prestazioa beherantz doa, estatuak 423,66 euro bideratzen baititu Hego Euskal Herriko langabe bakoitzeko.