BIZKAIKO KONTSERBAK ETA GAZITUAK

Lanuzte partzialak hasi dituzte eta irailaren 3an greba eguna izango dute

Lanuzte partzialak hasi dituzte eta irailaren 3an greba eguna izango dute
ELAk salatu du patronalak ultimatuma eman duela deitutako grebak indargabetzeko eta negoziazioa baldintzatzeko. Sindikatuak sektoreko lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena aldarrikatzen du eta gogorarazi du sektore feminizatua dela. Hurrengo negoziazio bilera uztailaren 29an izango da.

Bizkaiko arrain kontserben sektoreak lanuzte partzialak hasi ditu gaur, eta irailaren 3an greba eguna izango da. Deialdiak jarraipen zabala izan du eta ekoizpena geldiarazi du sektoreko enpresa guztietan. Halaber, Bermeon (Bizkaia) mobilizazio handi bat egin dute, eta herriko sarrera nagusiak itxi dituzte ordubetez. Aste honetan, eta abuztuko beste bi astetan, langileek bi orduko lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzeko, lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat eskatzeko.

Gaur hasi berri den mobilizazio zikloak bat egingo du hegaluzearen kanpainarekin, hau da, kontserbetako enpresek lan karga handiena duten garaiarekin. 

Sektorean ordezkaritza duten sindikatuek (UGT, CCOO, ELA eta LAB) aldarrikapen taula bat adostu dute eta patronalari helarazi diote. Enpresak, ordea, entzungor egin dio eta itxuraz behintzat behin-betikoa den ultimatuma jarri du mahai gainean. ELAren iritziz, helburua da deitutako grebak indargabetzea eta negoziazioa baldintzatzea. 

Sindikatuak gogorarazi du sektore hori funtsezkoa dela Bizkaiko kostaldeko ekonomiarentzat, baina lan baldintza eskasak dituela oraindik.

Hurrengo negoziazio bilera uztailaren 29an izango da. ELAk patronalari dei egin dio blokeoaren estrategia bertan behera uzteko. Sektoreko aldarrikapenak aintzat hartzea eskatu diote, gatazkari amaiera eman eta akordioa lortze aldera.