Greba egun gehiago Txingudi Zerbitzuak enpresan
Irun eta Hondarribiako Udalentzat Urak eta Hondakinak kudeatzen dituen Txingudiko Zerbitzuak enpresako langileen grebak jarraipen zabala izan du. Horrela, salatu dute enpresa oztopatzen ari dela hitzarmenaren negoziaketa, eta greba egun gehiago iragarri dituzte: urtarrilaren 19tik 26ra, biak barne.
Langileek mahai gainean jarri dituzte honako eskaerak: erosahalmena berreskuratzea, hitzarmenaren iraunaldirako KPIaren goitiko soldata igoerak, plusak, bajak %100 osatzea baldintzarik gabe, inaplikazio klausulak, azpikontratazioa mugatzea, kategorien ekiparazioa, telelana, edota ordutegi, egutegi, baimen eta lizentziekin zerikusia daukaten hainbat aldarrikapen, besteak beste.
ELAk salatu du enpresaren jarrera hasieratik negoziaketa atzeratu eta oztopatzekoa izan dela. Ekainaren 13ko mahai negoziatzailean, enpresak negoziaketa edukiz hustu zuen soldata bezalako gai estrukturalak negoziazio esparru horretatik ateraz. Horren aurrean, Txingudiko Zerbitzuak enpresako langileek grebara jotzea erabaki zuten, eta 14 greba egun egin dituzte. Baita hainbat lanuzte ere.
Orduz geroztik, ordea, lanpostuen balorazioari lotuta soldaten egitura eta masa aldaketak suposatuko dituen proposamena egin dute eta horri lotuta, ELAk negoziaketa mahai biltzea eskatu du gai guztien inguruan, soldata igoerak barne, negoziatzeko. Enpresak, baina, ez dio eskaera horri erantzun. Horren aurrean, enpresaren negoziaketa borondate eza ikusita, greba egun gehiago egingo dituzte.