Hezkuntza Sailak isilik jarraitzen du hezkuntza publikoko sukaldeko eta garbiketako langileek beste bost greba egun egin ostean

2022/05/27
Hezkuntza Sailak isilik jarraitzen du hezkuntza publikoko sukaldeko eta garbiketako langileek beste bost greba egun egin ostean
Guztira 8 greba egun daramatzate ELAk deituta Hezkuntza Sailari aldi baterako langileak bermatzeko egonkortze prozesua eta ordezkapenak betetzeko neurriak eskatzeko.

Sukalde eta Garbikuntzako langileek ikasturte honetan 8 greba egun gauzatu dituzte gaurkoarekin ELA sindikatuak deituta. Martxoan 3 greba egun gauzatu zituzten eta aste hau osorik greban eman dute.

Aste honetako grebek, martxoko 3 egunetakoek baino zentru eta eskola gehiagotan izan dute eragina eta langileek mobilizazio desberdinak gauzatu dituzte aste osoan zehar. Gaurkoan Bilbon kokatutako Bizkaiko Hezkuntza delegaritza aurrean pintxo banaketa eta elkarretaratze aldarrikatzailea gauzatu dute.

Haatik Eusko Jaurlaritzak grebalarien eskaerei erantzunik eman gabe eta isilik darrai.

Bi dira langileek Hezkuntza Sailari zuzendutako aldarrikapen nagusiak: egiten ez diren ordezkapenak betetzea eta behin-behinekotasunari aurre egingo dioten kontsolidazio prozesu bermatzaileak eskatzea. Horretarako ezinbestekoa da meritu lehiaketa bidezko prozesuak mahaigaineratzea lanpostu kopuru nahikoarekin sukaldari zein garbitzaileak egonkortzeko. Ildo horretan, ELAk uste du Hezkuntza publikoan lan egindako denborak pisu esanguratsuena izan behar duela.

Hezkuntza Sailak, ordea, ez du azaldu meritu lehiaketan meritu bakoitzari eta bereziki hezkuntza publikoko eskola eta sukaldeetan lan egindako denborari emango zaion pisua zein izango den.

ELAk, idatzi bat aurkeztu dio Hezkuntza Sailari ondorengoak exijituz:

  • Langile hauekiko errespetuz joka dezala

  • Berehala bilera deitu dezala

  • Bilera horretan ordezkapenak lehen egunetik betetzea ahalbideratuko duten neurriak eta sukalde eta garbiketako 500 behin behineko langileren lanpostua kontsolidatzea bermatuko duen meritu lehiketaren zehaztasunak mahaigaineratu ditzala