Nafarroako Auzitegi Gorenak ez du PAIren legaltasunari buruz ezer esaten, baina irakasle lanpostuak hornitzeko foru dekretua legezkoa dela dio
Jakina den bezala 2014ko ekainean ELAk helegite administratiboa paratu zuen irakasle lanpostuak hornitzeko 37/2014 Foru Dekretuaren kontra zuzenean eta PAIri sostengua ematen dien araudi guztien kontra zeharka. Bi urte pasa eta Nafarroako Auzitegi Gorenak bere sententzia ebatzi du:
-
UPNren gobernuak gehiengo sindikalaren kontra onartu eta “aldaketaren gobernuak” bere egin duen 37/2014 Foru Dekretua legezkoa omen da. Foru dekretu honek Hezkuntzako Mahai Sektorialaren ezezko iritzia jaso zuen bere garaian, besteak beste baztertzailea dela pentsatzen dugulako. Izan ere, titulaziorik gabe edo ingelesezko maila nahikorik gabe PAI programetarako irakasleak lortzeko erabili izan da. Ingeleseko berezitasunean oposizioa gainditu duten irakasleei beste edozeini ukatzen zaizkion pribilegioak ere ematen dizkie.
-
PAIri sostengua ematen dien arauen kontra jarritako zeharkako helegitearen funtsari buruz ez du ezer esaten, zati hau ez baitu onartu auzitegiak.
Ustezko programa eleanitz hauen inguruan hipokresia handia dagoela geroz eta nabarmenagoa da: PSNko buru den María Chivitek Balear irletako TILen kontrako helegite konstituzionala sinatu zuen senataria zelarik eta Nafarroan PAIzale amorratua agertu da; beste alderdi batzuk oposizioan zeudelarik kritikatzen zutena defendatzen dute orain Gobernutik.
Hau guztia gertatzen den bitartean, milaka ikaslerekin esperimentatzen darrai Hezkuntzak.
Tamalgarria da arrazoi formalengatik ELAk salatutako hurrengo urraketen inguruan auzitegiak iritzia ez ematea:
-
Euskaren Foru Legea
-
Gurasoei seme-alabentzako zein hizkuntza nahi duten erabakitzeko eskubidea (hainbat zonaldetan ez dago PAIrentzako alternatibarik)
-
Hezkuntza komunitateari parte hartzeko eskubidea. PAI inposatu da arrazoi politikoengatik.
-
Inolako sostengu teknikorik gabe erabaki politikoak debekatuak egoteko eskubidea. Laboratorio sagu moduan erabiltzen ari dira gure seme-alabak.
Sententzia ez da ELAren aldekoa izan baina oztopo guztien gainetik jarraituko dugu lanean buru belarri. Irakasleen lan baldintzak eta eskubideak Mahai Sektorialean defendatuko ditugu indar gehiagorekin. PAIk gure umeen garapenean dituen kalteen kontrako borrokan ez dugu amore emanen. “DISPAIrate” galanta da egindako inkesta soziologikoa eta halaxe demostratu dugu. PAIren ebaluazio akademikoa lehenbait lehen egin dezaten exijitzen dugu, guraso, irakasle eta adituen beldurrak eta kezkak geroz eta handiagoak baitira.