FRANTZIA

ELAk Frantziako CFDT sindikatuaren 51. Kongresuan parte hartu du

2026/06/22
ELAk Frantziako CFDT sindikatuaren 51. Kongresuan parte hartu du
Ekainaren 22tik 26ra Bordelen egin den kongresuak 2.700 ordezkari eta nazioarteko 80 gonbidatu bildu ditu.

ELAk Frantziako lehen sindikatua den CFDTren 51. Kongresuan parte hartu du. Ekainaren 22tik 26ra Bordelen egin den kongresuak 2.700 ordezkari inguru eta nazioarteko 80 gonbidatu bildu ditu, datozen lau urteetako lehentasun sindikalak zehazteko.

Kongresuan azken agintaldiaren balantzea egin da. CFDTren esanetan, azken lau urteak Frantziako Gobernuak bultzatutako pentsioen erreformaren aurkako hamalau mobilizazio jendetsuek markatu dituzte. Sindikatuaren ustez, mobilizazio ziklo horrek erakutsi du langileen eskubideen alde erantzun sozial zabala antolatzeko gaitasuna badagoela. Hala ere, bizi-kostuaren garestitzea, erosteko ahalmenaren galera eta langile askoren pobretzea kezka nagusietakoak izaten jarraitzen dutela nabarmendu dute.

Kongresuko eztabaiden ardatz nagusietako bat Frantziako eta nazioarteko testuinguru politikoaren azterketa izan da. Herrialde askotan eskuin muturraren gorakadaren eta datorren urteko hauteskundeen testuinguruan, CFDTk demokrazia, nazioarteko elkartasuna eta ekintza sindikala indartzearen alde egin du, langileen eskubide sozial eta laboralak defendatzeko ezinbesteko tresna direlakoan. Ildo horretan, kongresuan azpimarratu da sindikatuak eskuin muturraren diskurtso eta politiken jomuga bihurtu direla.

Adimen artifizialak lan munduan izango duen eragina, trantsizio ekosoziala eta enpleguaren etorkizuna ere eztabaidagai nagusiak izan dira. CFDTren iritziz, bi eraldaketa horiek trantsizio justu baten ikuspegitik landu behar dira, langileen parte-hartzea eta eskubideak bermatuz. Barne mailan, berriz, sindikatuak belaunaldi-erreleboa sustatu eta gazteen parte-hartzea indartzeko apustua egin du.

Kongresuan, halaber, Marylise Léon berriz hautatu dute CFDTko idazkari nagusi lau urteko agintaldi berrirako. Bere hitzaldian, demokraziaren eta langileen eskubideen defentsarekiko konpromisoa berretsi zuen, diskurtso erreakzionarioen gorakadaren aurrean.