Erosteko ahalmenaren hiru urteko galera orokorra sinatu dute Madrilen
Adolfo Muñoz “Txiki”, ELAko idazkari nagusiak eta Joseba Villarreal eta Mikel Noval negoziazio kolektiboko eta arlo sozialeko arduradunek CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE patronalak lan hitzarmenak arautzeko egin berri duten akordioa kritikatu dute.
ELAk ikusi duenez, azken egunotan akordio hauek sinatu dituztenek esanagatik, aurreakordioa joan den ostiralerako, hilak 20, sinatu zuten. Beraz, antzezpen nahasi bat taularatu digute, ez baita egia esan lortutako akordio mailari buruz.
Edukiei dagokienez, ELAren ustez oso larriak dira. Besteak beste, hauek dira okerrenak:
1. 2012an, 2013an eta 2014an soldatek erosteko ahalmena galtzeko akordioa
Soldaten inguruko akordioak ikusmolde neoliberala aintzat hartzen du: soldatak jaitsi beharra dago ekonomiaren lehiakortasuna hobetuko bada. Akordioak dioenez, ekonomia suspertzeko “espainiar ondasun eta zerbitzuen barne- eta kanpo-merkatuko kuota hobetu beharra dago”.
Horretarako CCOOek, UGTk eta CEOEk hitzartu dute 2012, 2013 eta 2014an negoziatzen diren soldata-igoerak ezin dituztela honakoak gainditu:
- %0,5 2012an.
- %0,6 2013an.
- 2014an, %0,6 (2013ko BPGaren hazkunde erreala %1etik beherakoa bada); %1 (2013ko BPGaren hazkunde erreala %1 eta %2 bitartekoa bada), edo %1,5 (BPGa 2013an %2tik gora hazten bada).
2012 eta 2013rako errebisio-klausula bat ezarri da, baldin eta espainiar estatuko eta euroguneko KPIa %2tik gorakoa balitz. Errebisioa soilik %2 horren eta aipatutako KPIrik baxuenaren arteko aldea adina izango da. Gainera, Brent petrolio-upelaren prezioa %10etik gora hazten bada, KPIaren datutik erregaien igoera kenduko da, hots, aintzat hartuko den KPIa ofiziala baino are apalagoa izango da.
Akordio honen bitartez sindikatu sinatzaileek konpromisoa hartzen dute hitzarmenetan erosteko ahalmenaren galera orokorra jaso dadin.
Akordioak puntu honetan gogoeta bat egiten du: “errenta guztiek ahalegin bateratua egin behar dute. Bai soldaten bilakaera, bai banatzen diren etekinena neurrizkoa izan behar da...” Alabaina, mugatzen den bakarra soldaten bilakaera da; banatutako etekinetaz ez da hitzik esaten.
2. Malgutasuna zeharo areagotzen da enpresan
Akordioko beste puntu nagusietako bat lan-malgutasuna areagotu beharra da; horretarako aldaketa handiak mahairatzen dituzte, zeinen ondorioz enpresei funtsezko gaietan erabakitzeko aukera handiagoa ematen zaien: lanaldiaren banaketa, mugikortasun funtzionala edota soldaten malgutasuna.
Hain zuzen, sinatutako akordioak hau dio:
- Hitzarmen kolektiboek posible egin beharko lukete enpresarioak urteko lanaldiaren %10 modu irregularrean banatzea.
- Gainera, hitzarmen kolektiboek aukera eman beharko lukete enpresaburuak urtean bost eguneko (edo 40 orduko) poltsa bat izan dezan, urteko egutegiko banaketan aurreikusita ez dagoen moduan erabiltzeko.
- Enpresa barneko mugikortasun funtzionalak muga bakarra izango du, talde profesional horretakoa izatea edo eskatutako tituluak edukitzea. Kategoria profesionala mugikortasun funtzionalerako ez da aintzat hartuko.
- Portzentaje horiek negoziazio-esparru desberdinetan aldatu ahal izango dira.
- Hori aski ez eta hitzarmen kolektiboek malgutasun areagotua izateko aukera aurreikusi beharko lukete enpresarioak lanaldi gehiago modu irregularrean banatu edota mugikortasun funtzional handiagoa behar balu.
3. Enpresan sektore-hitzarmenetan adostutako lan-baldintza jakin batzuk ez aplikatzea
Puntu honekin, aurrekoak bezala, azken erreforma laboraletan onartutakoa onartzea eta hortik haratago joaten da.
Hain zuzen, enpresek hainbat puntu epealdi baterako ez aplikatzeko jarraitu beharreko irizpideak definitzen dira: ordutegia eta lanaldiaren banaketa, txandakako lan-erregimena, ordainketa sistema edota langileen egitekoak.
II- BALORAZIOA: AKORDIO LOTSAGARRIA
CCOOek, UGTk eta patronalak sinatu dituzten akordioak langile-klasea txirotzeko beste urrats bat dira. Sindikatuok erosteko ahalmenaren hiru urteko galera orokorra sinatu dute enplegua dutenentzat, baita enpresaren nahierara izango den lan-malgutasunaren gehikuntza itzela ere. Estatuko sindikalismoa horrela tresna bihurtzen da politika neoliberalik gogorrenak bake soziala ziurtatuta ezartzeko.
Langileen eskubideak defenditzeko aukera honela baztertu izana ulertzeko modu bakarra dago, sindikatuok funts publikoekiko duten menpekotasuna alegia. Gogora dezagun patronalak eta CCOOek zein UGTk hartu zuten konpromisoa (Espainiako gobernuak bere egin zuena): lanbide-heziketako akordioa luzatzea erabaki zuten, eta horrela dirutza publikoa nola erabili erabakitzeko aukera ematen zaie; horren zati handi bat zuzenean sinatzaileengana bideratzen da.
CCOOek eta UGTk ezkutatu egin dute joan den ostiraletik CEOErekin langileei kalte handia eragingo dien akordio bat sinatuta zeukatela. Berriro ere lan-munduko jendeari bizkar emanda negoziatu dute, sekretupean. Hitzartutakoa ikusirik argi dago zergatik ezkutatzen duten benetan ‘negoziatzen’ ari direna. Edukia eta moduak lotuta daude, oraingoan ere.
Raxoi EBren goi-bilerara joatekoa da urtarrilaren 30ean, eta besapean, beste neurri gogor batzurekin batera, “patronalaren eta sindikatuen arteko akordio” bat eraman nahi du, soldaten kontrako erasoa nondik nora joango den zehaztuko duena.
Akordio hau albiste txarra da Europar Batasunean politika neoliberalei aurre egiten ari diren sektore sindikal eta sozialentzat. Erosteko ahalmena oro har murrizten ari direlarik, gero eta leku gehiagotan (Errumania edo Belgika kasu) mugimendu sindikalak murrizketei mobilizazio handiak eta greba orokorrak deituz erantzuten die.
Akordio honen helburua, hitzez-hitz idatzia, soldatak ahultzea da. Gainerako lan-baldintzak ere okertu egiten dira. Soldatak ahulduz gero –hauek aberastasunaren banaketan 7 puntutik gora galdu dute– enplegu askoz gehiago suntsituko da. Ez da egia soldatei uko eginda enplegua mantentzen denik.
CCOOek, UGTk eta CEOEk akordio honetan aurreratu egin dute Raxoik egingo duen Erreforma Laboralaren zati bat –erreforma latza izango da–, baita hitzarmenetako negoziazio-mahaietan izango duten jokabidea ere. Eurek onartzen duten soldata galera hau negoziazio kolektiboan orokorra izatea nahi izango dute: estatu, lurralde zein enpresa mailako sektoreetan.
ELAk gogoratu nahi du CONFEBASKen interesak berberak direla (izan ere, CEOEren kide baita). Hemen egiten dituen proposamenekin sindikalismoa soldata eta enpleguaren defentsatik aldentzea bilatzen du.
ELAk dio Akordio honetako erreferentziak guretzat ezdeusak direla. ELAk erosteko ahalmena hobetzea exijituko du, lan-baldintza eta enplegu duina; jakinik, gainera, helburuok esparru sindikalizatuetan baino ezin izango direla lortu. Hau erronka handi bat da sindikatu batentzat, eta ELAk gogoz egingo dio aurre.