Kortabarriak 1976-2006 epealdian ELAren bilakaera jaso du
Ezustekoa eman du azken urteetako ELAk: sindikatu neurritsuaren jokabide oldarkorrak, erakunde estatutu-zalearen indarreko markoaren ukoak, edota solaskidetza instituzionaletik kontraboterearen lubakietara egindako jauziak harritu egin d itu ELA ondo ezagutzen zutela uste zutenak ere. Itxuraldaketa hori gidatu duen logika azaltzen digu ELAren ibilbidea barrutik bizi izan duen German Kortabarriak.
ELAren azken urteetako ibilbideak jende asko ezustean harrapatu du: moderatu eta arrazoizko uste zuten sindikatuak ustez muturreko posizioak aldeztu ditu; Estatutuarekin bat egin zuen erakundeak trantsizioan ezarritako markoa arbuiatu du; elkarrizketa sozialerako guneak sustatu zituenak hauetatik alde egin eta kontraboterearen trintxeretara pasa da. Eraldatze honen barne-logikak gidatzen du sasitik irten eta hogeita hamar urtean sindikatuak egin duen ibilbideari buruz egiten den kontakizuna.
Liburuaren hainbat pasarte sindikatuen arteko harremanei buruzkoak dira –batik bat LABekiko ekintza bateratuak izan dituen gorabeherak– eta sindikatuak euskal politikan izan duen esku hartzearen ingurukoak: alderdi politiko eta gobernuekiko harremana, ETAren eragina, Gernikako ekitaldia, Lizarra-Garazi, Ibarretxe Plana, Loiolako prozesua…
Egileak prozesu hauek barne-barnetik bizi izan ditu, eta ez du ezkutatzen bere begirada partziala denik; halere, kontakizuna egiazkoa dela ere ziurtatzen du, eta horretarako “datuak, testuak eta testigantzak” hartu ditu oinarritzat. German Kortabarriaren liburua ezinbestekoa da oso presente baina ezezagun izan den sindikatu honen nondik norakoen berri izateko eta gure bizitza politikoan izan diren une garrantzitsuei beste ikuspuntu batetik so egiteko.
Gaztelaniazko bertsioaren titulua, “No pudimos ser amables”, Bertolt Brechten olerki batetik hartu duela esan du. "Berak laburbiltzen baitu liburuak aztertzen duen garaian ELAk izan zuen bilakaera: Gu ordenaren aldeko erakundea ginen, euskal normaltasun instituzionalaren zutabe izatera deitua, baina ezin izan genuen atseginak izan, errealitate sozial eta politikoak derrigortu egin baikintuen moderaziotik erradikaltasunera jotzera; frankismo ostean ezarritako markoa onartzetik bere porrota salatzera; lan-harremanak eta aldarrikapen sozialak bideratzeko ildo instituzionalak eraikitzeko ahaleginetik ezdeusak zirela egiaztatu eta sustatu genituen erakundeetan parte hartzeari uko egitera... Liburua hein handian eraldatze horren kronika eta kontu-ematea da".