hauteskunde sindikalak - nafarroa

ELAk hauteskunde sindikalen epe trinkoari ordezkaritzan hazten jarraitzeko erronkarekin egingo dio aurre

2026/09/30
ELAk hauteskunde sindikalen epe trinkoari ordezkaritzan hazten jarraitzeko erronkarekin egingo dio aurre
ELA Nafarroako bigarren sindikatua da hauteskunde sindikalen epe trinkoaren atarian, eta ordezkaritzan duen etengabeko hazkundea sendotzeko erronka du.

ELAk 2026-27ko hauteskunde sindikalen epe trinkorako kanpaina aurkeztu du. Nafarroan %23,29ko ordezkaritza du, eta horrek ordezkaritza handiena duen bigarren sindikatua izatea suposatzen du. Datozen bederatzi hilabeteetan (urritik ekainera), ELAk azken urteotan hauteskunde sindikaletan izaten ari den etengabeko hazkundea sendotzea izango du helburu.

Hauteskunde hitzordu berri honetarako aukeratutako leloa honako hau da: “ELArekin gure lan-baldintzak hobetu ditugu; con ELA ganamos”. Aurkezpenean, Nafarroako koordinatzailea den Imanol Pascualekin batera, Ane Zelaia hauteskunde sindikalen arduradunak parte hartu du. Aukeratutako leloak («ELArekin gure lan-baldintzak hobetu ditugu») sindikatuaren eraginkortasuna azpimarratzen du, bizi eta lan baldintzak defendatzeko eta hobetzeko tresna gisa. Leloarekin batera doan irudian, hainbat sektoretako ordezkari sindikalen testigantzak ageri dira, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiarekin batera. Irudian, sindikatuaren egiturak milaka militanteei ematen dien antolakuntza islatzen da.

Ane Zelaiak lan eta gizarte eskubideak defendatzeko garaian ordezkarien garrantzia nabarmendu du. Zelaiak gogorarazi du ELAk 7.287 ordezkaritatik 1.697 ordezkari sindikal dituela Nafarroan. Pertsona horiek beren konpromisoarekin erakusten dute ELAri botoa ematea dela bizi eta lan baldintzak hobetzeko bermerik onena. Hauteskundeetan, politikoak zein sindikalak izan, erakunde guztiek promesak egiten dituzte. ELA harago doa. ELAk emaitzak, garaipenak... aurkezten ditu. Eta hori ELA ordezkatzen duten milaka pertsonek berresten dute.

Hauteskunde sindikaletan izandako hazkundeak ELAren eredu sindikala berresten du: independentzia politiko eta ekonomikoan, afiliazioan eta mobilizatzeko gaitasunean oinarritzen den eredua. Bere zilegitasuna botoetatik dator, eta ez elkarrizketa sozialeko mahaietatik. Gogorarazi behar da UGTk eta CCOOk finantzaketa publiko garrantzitsua jasotzen dutela elkarrizketa sozialean parte hartzeagatik; UPNren eta PSNren gobernuen garaian ezarritako praktika da, eta egungo Nafarroako Gobernuarekin ere mantentzen dena. 2021etik, 1.200 milioi eurotik gora kudeatu dituzte Enplegu Planaren bidez. Kopuru horrek eredu honetara bideratutako baliabide publikoen tamaina erakusten du.

ELAk Erresistentzia Kutxa aldarrikatzen du langileen borrokarako gaitasuna bermatzeko eta lan baldintzak hobetzeko oinarrizko tresna gisa. Benito Menni, Solera eta Conasan irekita dauden gatazkek erakusten dute akordio onak lortzeko ez dela nahikoa arrazoia izatea, beharrezkoa da mobilizatzeko eta grebei eusteko gaitasuna izatea. Borrokarako gaitasun horrek, ELAk baino ez duenak, hitzarmen onenak lortzen dituen sindikatua izatea ahalbidetzen du.

ELAk ilusioz ekingo dio hurrengo aldiari, eta Nafarroan sindikatuak izan duen hazkundea nabarmendu du. Era berean, bere militante guztiei dei egin die afiliazioan, independentzian eta borrokan oinarritutako sindikalismoa indartzen jarrai dezaten, lan baldintzak hobetzen jarraitzeko helburuarekin.