OSAKIDETZA

Soldatak hobetzea, lan kargak eta jarduna murriztea eta kontziliazio neurriak, premia nagusien artean

Soldatak hobetzea, lan kargak eta jarduna murriztea eta kontziliazio neurriak, premia nagusien artean
ELAk bere aldarrikapen plataforma egingo du Lan Baldintzak Arautzeko Akordioa negoziatzeko, 1.500 langileei egindako galdeketa batean oinarrituta. Akordio horrek 15 urte daramatza berritu gabe.

Osakidetzak 15 urte daramatza bere langileen lan baldintzak berritu gabe, eta akordio berri bat lortzeko negoziazioek ez dute aurrera egin. Izan ere, legegintzaldiaren hasieran Pradalesek jarrera aldaketa iragarri arren, Mahai Sektorialean ez dago aurrerapausorik. Areago, Osasun Sailak akordioaren negoziazioa zatitu nahi du; negoziazioa bera luzatu eta baldintzatuko du horrek. Hori guztia, Osakidetzan behin-behinekotasuna %50etik gorakoa denean (27.000 langile), erosteko ahalmenaren galera metatua %20koa denean eta lan kargak handitu direnean plantileen eta lan baldintzek okertzearen ondorioz.

Egoera horren aurrean, ELAk galdeketa bat zabaldu du lanpostu eta lan egoera desberdinen artean, eta 1.500 langileen erantzunak jasota, aurreneko emaitzek agerian uzten dute berehalako hobekuntzak behar direla soldatetan, lan kargetan, lanaldian edo kontziliazio neurrietan. Lehen irakurketa batean (ELA datuak sakonago aztertzen ari da), sindikatuak honako gabezia eta kezka hauek ikusi ditu:

  • Soldata eta erosteko ahalmenaren galera kezka handia da langileen artean. Galdutako erosteko ahalmena berreskuratu nahi dute, eta KPItik gorako soldata igoera lortu.

  • Plusak, osagarriak eta lanpostuen balorazioa: plus bakoitzaren zenbatekoaz haratago, plantillaren ustez, gaur egun dauden osagarri asko diskriminatzaileak dira, ez direlako kategoria guztietan eta egoera guztietan ordaintzen (txandak, guardia lokalizatuak, adibidez); eta gaur egun ez dauden baina ordaindu beharko liratekeen osagarriak behar dira (plus toxikoa, neke plusa, arriskutsua, joan-etorriengatikoa, erantzukizun berezia, etab.). Gai horri heltzeko, plantillak ezinbestekotzat jotzen du lanpostuen balorazioa egitea, lanpostu bakoitzari dagokion soldata zehazteko, jardunaren berezitasunak kontuan hartuta.

  • Lanaldia: gai horretan aurrera egiten jarraitzea eskatzen dute, egungo 35 orduko lanaldia murrizteko.

  • Behin-behinekotasuna eta erretiroak: behin-behinekotasunak plantillaren erdiari baino gehiagori eragiten dio, eta hortik eratorritako rotazioak zerbitzua eta lan baldintzak okertzen ditu. Gainera, kontuan hartzen badugu plantillaren batez besteko adina 50 urtetik gorakoa dela, langileek ezinbestekotzat jotzen dute erretiro aurreratua hartu ahal izateko neurriak planteatzea.

  • Kontziliazioa: langileek oinarrizko eskubideak eskatzen dituzte, hala nola adinekoei/adingabeei mediku kontsultetara laguntzeko baimena edota eskola bileretara joateko baimena. Zentzu horretan, rotazio izugarriak eta behin-behinekotasun handiak are gehiago zailtzen dute lana eta familia bateragarri egitea (langileen %80 emakumeak dira).

  • Lan osasuna eta lan kargak: lan karga handiak, aldi baterako kontratuen kateatzearen ondoriozko atseden egoki falta, edo 24 orduz lanerako prest egon beharra nabarmentzen dira. Baita Arrisku psikosozialen aurkako plangintza eza ere.

  • Formakuntza: langileek, kategoria guztietan, lan ordutegiaren barruan egokiak diren formakuntza planak eskatzen dituzte.

Galdeketaren emaitzetatik abiatuta, ELAk bere aldarrikapen taula egingo du Akordio Arautzailearen negoziazioari begira. Sindikatu honek behin eta berriz salatu du lan baldintzen okertzea dela kategoria batzuetan langile gutxi egotearen arrazoi nagusia. Horren erakusgarri da Osasun Sailak udaberrian medikuen plaza jakin batzuk betetzeko deitu zuen estaldura zaileko EPEan 800 pertsona baino gehiagok eman zutela izena (173 plaza eskaini ziren guztira). Horregatik, aldarrikapen taulak funtsezko hobekuntzak jaso behar ditu, Osakidetzaren arazo nagusiei heltzeko.

Ertzaintzan edo Hezkuntzan hitzartutako hobekuntzek erakusten dute, borondate politikoa baldin badago, soldata edo erretiro aurreratua bezalako gaietan hobekuntzak eman daitezkeela. Horregatik, ELAk Osasun Sailari eskatu dio gai horiei modu integralean heltzeko, Osakidetza osatzen duten kategoria eta lanpostu guztiak kontuan hartuta; izan ere, zenbait kolektiborentzako hobekuntzak soilik bermatzeak ez du lortuko Osakidetzaren eta plantillen arazo orokorra konpontzea.