ELAk salatzen du estatuko administrazio orokorraren murrizketak “gizarte-elkarrizketa”ren bidez finkatu direla
ELA otsailaren 5ean Estatuko Administrazio Orokorraren bilerara bertaratu zen, alegia, urriaren 29ko akordioa —Administrazioaren eta CCOO, UGT, CSIF, USO eta CIG sindikatuen artekoa— garatzeari buruzko bilerara. Mahaian ez zen gairik zehaztu, soilik Administrazioak eta sindikatu sinatzaileek izan dituzten harremanen berri eman da jakitera. Zehazkiago esanda, lanaldia nola luzatuko den, eta Administrazioak mahai orokorrak nola antolatu nahi dituen azaldu zuten.
ELAk berriro salatu zuenez, urriaren 29ko Akordioak Gobernuaren 2012ko uztaileko E.D.aren murrizketak finkatu ditu; gainera, lanaldia luzatzearen ondorioz milaka lanpostu galduko dira, eta lan-karga areagotuko da Estatuko Administrazio Orokorreko langileentzat. Hori dela-eta, zerbitzu publikoaren lan-baldintzak eta kalitatea are gehiago hondatuko dira.
Akordioaren eraginez langileen eskubideak ezabatuko dira, eta lan-egutegia, lanaldia, atseden-egunak... “zerbitzuaren beharrizanak” delakoaren menpe geratuko dira. ELAk ez du onartu, ezta onartuko ere, inolako neurririk, baldin eta lan- eta gizarte-eskubideak ezabatzeko bada.
Mahaien jarduteari dagokionez, ez da benetako negoziaziorik egiten, Administrazioak bere kabuz ezartzen ditu lan-baldintzak, eta mahaiekin itxurakeria eginez sindikatuak baztertu nahi dituzte.
Halaber, Euskal Herrian diharduten Estatuko Administrazio Orokorreko langileei murrizketa berriekin beste diskriminazio bat egingo diete, gainerako euskal administrazioen aldean, eta hori salatu behar dugu. Hemen lan egiten badugu, hemengo lan-baldintzak nahi ditugu.
Azkenik, arestiko gertakari lohiak ikusita, eta dekretu bidez egunero osten diguten berberek sakelak nola betetzen dituzten ikusita, Estatuko Administrazioko langileen gogaitasuna eta haserrea jendaurrera atera nahi ditugu.