Espaniako gobernuak 1996ko Europako Karta Soziala berretsi ez izana salatu dute ELA eta CIG sindikatuek
ELA eta CIGen agiria:
Europako Karta Soziala, 1961ean Europako Kontseiluan erabaki zena, nazioarteko tratatu bat da, zeinak lan, etxebizitza, osasun eta hezkuntzarako eskubide sozial eta ekonomikoak bermatzen dituen. Erreklamazio kolektiboetarako protokolo batek osatu zuen Karta 1995ean; protokolo honek sindikatuei eta bestelako antolakundeei aukera ematen die estatuen erabakiak nazioarteko instantzietan errekurritzeko.
Espainiak Karta Soziala 1980an berretsi zuen, eta 1988ko protokolo gehigarria 2000ko urtarrilean. Haatik, 1995eko erreklamazio kolektiboetarako protokoloa ez du sinatu, ez berretsi ere. Halaber, 2000ko urrian sinatu zen Kartaren bertsio berrikusia berretsi gabe dauka. Berretsi ez diren puntuen artean batzuk oso garrantzitsuak dira: «kaleratzearen aurkako babes eskubidea», «laneko duintasunerako eskubidea», «pobrezia eta baztertze sozialaren aurkako babes eskubidea» edota «etxebizitza izateko eskubidea».
Beraz, langileen eskubideak defenditzeko funtsezko arauetaz ari gara. Kartaren ardura duen erakundeak, Eskubide Sozialen Komite Europarrak, arlo honetan estatu kideen erabakiak kontrolatzeko ahalmena du; honek, CIGen eta ELAren ustez, aukera berriak irekiko lituzke lan-zuzenbidea eta gizarte babesa jasaten ari diren erasoari -esaterako, azken erreforma laboralen eragin kaltegarri eta bidegabeenei- aurre egiteko.
Estatu batek nazioarteko betekizunak bere gain hartzea adierazle egokia da ikusteko zenbateko konpromisoa duen giza eskubide eta berme demokratikoekiko. Espainiar estatua «lotsaren talde»an dago: 43 estatutik 9k ez dute Europako Karta Sozial berrikusia eta Erreklamazio Kolektiboen Protokoloa berretsi.
CIG eta ELA sindikatuok Galizako eta Euskal Herriko parlamentuei (Gasteiz eta Iruñea) eskatuko diegu bozka ditzatela ebazpenak espainiar parlamentua premia dezaten egoera hau amaitzera; Galiza eta Euskal Herriko herritarrek nahiz estatuko beste herriek desabantaila handia dute beren eskubideak babestu eta defenditzeko, inguruko beste herrialdeen testuinguruan.
Santiago de Compostela, 2016ko maiatzaren 19a
ELAko Batzorde Eragilea
CIGeko Exekutiba Konfederala