ELAk Gdeim Izikeko preso politiko sahararren askatasuna exijitzen du
Hainbat preso saharar gose greba mugagabean daude, espetxeratze arbitrarioa eta espetxeetako baldintzak salatzeko. Mendebaldeko Saharako lurralde okupatutik kanpoko Marokoko espetxeetan daude, beren familietatik urrun. Senideek zailtasunak dituzte presoak bisitatzeko eta haiekin telefonoz hitz egiteko. Presoen osasun egoera kezkagarria da, eta premiazkoa da haien osotasun fisikoa bermatzeko esku hartzea.
2010ean, Marokoko agintariek aktibista sahararrak atxilotu zituzten Gdeim Izikeko kanpalekuaren aurkako errepresio bortitzaren ondoren. Atxiloketak okupazioaren amaiera eta herri sahararraren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko 20.000 pertsona baino gehiagoko mobilizazio baketsuen testuinguruan eman ziren. Marokok epaiketa bermeak urratzea eta tortura zein tratu txarrak Nazio Batuen Erakundearen kezka iturri izan dira.
ELAk salatu du preso horien egoera herri sahararrak pairatzen duen errepresioaren adierazgarri dela, haren eskubide politikoak, laboralak eta kulturalak etengabe urratzen baitira. ELAk nazioarteko erakundeei premiazko erantzuna emateko eskatzen die, presoen babesa bermatzeko, giza eskubideen urraketak geldiarazteko eta haiek aske uzteko exijitzeko.
ELAk herri sahararrarekiko eta langile sahararrarekiko elkartasuna berresten du, eta Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidea defendatzen du. Nazioarteko zuzenbidean oinarritutako konponbide justu baten alde egiten du, herri sahararrak bere etorkizuna askatasunez erabaki ahal izan dezan.