ELAk berriro ekin die Bizkaiko egoitzetako mobilizazioei

2016/12/01
ELAk berriro ekin die Bizkaiko egoitzetako mobilizazioei
ELAk gaur goizean berriro ekin die Bizkaiko zahar-etxeetako mobilizazioei, bi aste barru langileek beren eskarien eta kalitatezko zerbitzuen alde greba egun gehiago egitekotan baitira. Greba abenduaren 15ean hasi eta urtarrilaren 6ra arte luzatuko da, ugazabek ez negoziatzeko borondaterik agertu ez eta zerbitzuaren ardura duen Bizkaiko Foru Aldundia ere ezer egiten ari ez denez. ELAk gaurko bilkurak deitu ditu Urgatzi eta Igurko patronalen egoitzen aurrean

Greba hasi zenetik 50etik gora egunez lanuzteak izan direlarik, ELAk duela gutxi ostera ere sektoreko patronalekin batzarra izan zuen, baina hauek ez zuten hasierako jarrerarik aldatu. Halaber, sindikatuak -sektorean %60tik gorako ordezkaritza du- Aldundiko arduradunekin bilera bat egin zuen ratioak hobetzeko bere proposamena azaltzeko; bileran ELAk argi utzi zuen soldatak gehitu, lanaldia 1.592 orduraino murriztu eta bajetarako prestazioa hobetu beharra dagoela.

Kontutan izatekoa da Aldundiak Bizkaiko 7.500 oheetatik 5.000 finantzatzen dituela, eta berari dagokiola egoitzetako arretaren kalitatea bermatzea. Ez da onargarria, beraz, erakundea gatazkatik at egotea, hainbat eragilek zalantzan jarri duten kalitatea hobetze aldera irtenbiderik topatzen ez saiatzea, eta langileen eskariak aintzat hartzeko aukera baztertzea.