IBARRETXE LEHENDAKARIAREN PROPOSAMENAZ ( German Kortabarria- ELAko bozeramaileak Berria egunkarian plazaratutakoa 2003eko azaroaren 1an)
Gauzak nola egin dituen gustoko izan edo ez, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren gidaritzapean onartutako Estatutu berriaren proposamenak orain arteko bide politikoan mugarria ezarri du.
Proposamen ausarta mahairatu du lehendakariak, botere-marko berria lotsarik gabe zehazten duena; egia da, bestalde, jarrera honek ez duela zerikusirik instituzio autonomikoek estatutu zaharra kudeatzean izan duten eta oraindik gai gehienetan izan ohi duten jarrera epelarekin.
Urriaren 25ean Eusko Jaurlaritzak estatutu berriaren proposamena onartzearekin hartu duen jarrera politiko berriak 1997ko urriaren 18an ELAk Gernikan egindako ekitaldia dakarkit gogora. Izan ere, bada nire ustez bi une horien arteko parekotasunik, ezberdintasunak badiren bezalaxe.
Hiru parekotasun eta ezberdintasun bat aipatuko ditut:
Lehenik, Ibarretxek Gernikako Estatutua hilda dagoela esan gabe ere, haren lekuan oinarri politiko berrien gainean eraikitako Estatutua proposatzen du. Beraz, hil-kanpaia jo gabe ere, lehendakariaren proposamenak Estatutu zaharraren esangura eta funts politikoa lurperatu egin ditu.
Bigarren parekotasuna autodeterminazio eskubidearen aldarrikapena dugu. Jose Elorrietak duela sei urteko ekitaldi haretan autodeterminazio eskubidea, hots, euskal herritarrok geure etorkizuna erabakitzeko aukera, aipatu zuen fase berriaren eduki nagusi legez. Lehendakariak eskubide bera medio azaltzen du bere ekimenaren zilegitasuna, eta eskubidea gauzatzea omen du helmuga, nahiz eta horretarako luzatzen duen formula eztabaidagarria izan litekeen.
Gasteizko eta Gernikako proposamenen arteko beste lotura: Bide zibil eta demokratikoen hautu garbia. Izan ere, Ibarretxe nahiz Elorrietarentzat bortizkeria politikoak prozesuaren garapena oztopatzen baitu.
Orain arte, beraz, antzekotasunak.
Ezberdintasunak ere badira, noski, unetik hasi eta proposatzaileen izaeraraino. Baina niretzat Gernika eta Gasteizko proposamenen arteko alderik sakonena aliantza politikoetan datza.
ELAk autodeterminazio eskubidea aintzat hartzen duten indar politiko eta sozialen elkarlana ezinbestekotzat jotzen du aurrera egin ahal izateko. Bortizkeria politikoak, hain zuzen, indarrak biltzeko lan hori oztopatzen du, sindikatuaren iritziz; gero eta argiago ikusten dugu, gainera, hori.
Lehendakariari dagokionez, berriz, ez dirudi lehentasuna autodeterminazioaren aldeko indar politiko eta sozialen arteko aliantza ahalbideratu eta sendotzea denik; aitzitik, badirudi indar horietxen atzean dagoen hautesleria bere esparrura biltzea duela helburu.
Ibarretxek bere proposamenean marraztutako ibilbidea ez du, antza, inorekin hitzartu, bere gobernukideekin ez bada, eta ez dakigu gerora begira ere ibilbide hortan jarriko dizkioten oztopoak hautsi, gainditu edo zeharkatzeko, edo agian pausoa mantsotzeko ere, hasiera batean bederen bere proposamenaren ildo nagusiekin bat datozenekin adostasunik lortu nahi ote duen.
Ibarretxe lehendakariari jokabide honek abantaila batzuk eskaintzen dizkio, gidaritza soilik bere eskuetan uzten baitu, bidaide gogaikarriekin urrats bakoitza adostu beharrik gabe. Baina txanponaren beste aldea, bidaide politiko eta sozial gogaikarri garenon borondateak batzea lortuz gero, prozesua askoz ere sendoagoa, biziagoa izango litzateke. Zailagoa, baina aldi berean indartsuagoa da ELAk Gernikan aldarrikatu zuena, lehendakariaren eskuan, baina baita besteon eskuetan ere badagoena.