ELAk Aldundiari eskatu dio gatazka konpon dezala, 278 greba egunen ondoren
Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek elkarretaratzea egin dute beste behin Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, Gipuzkoa plazan. Hitzarmena berritzeko prozesua duela 19 hilabete hasi zen, eta greba mugagabean dauden egoitzetako gatazkak 278 egun bete ditu dagoeneko. Negoziazio mahaia blokeatuta dago, patronalek ez dutelako eskaintza berririk egiteko gaitasunik.
Sektorean 5.000 langile inguruk egiten dute lan, gehienak emakumeak. Aldundiak finantzatzen duen zerbitzua da, baina langile gehienak enpresa pribatuen bidez daude kontratatuta, eta lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Izan ere, langileen ia erdiek nahi gabeko lanaldi partzialeko kontratuak dituzte, eta soldata arrakala urtean 10.000 eurotik gorakoa da.
Azken hilabetean egoitzetan gatazka eta tentsioak areagotzen ari dira. Ordiziako San Jose egoitzaren kasuan grebalari bat kaleratu eta lanpostuen amortizazioak eman dira, baita ere murrizketa gehiago egingo dituztela iragarri du zerbitzua kudeatzen duen Zaintzen enpresak. Lazkaon ere, gaixotasunagatiko baja egoeran dauden 3 langile kaleratu dituzte.
ELAk egoera horiek salatu eta atzera botatzeko eskatu du. Era berean, Aldundiari eskatu dio langileak prekaritatetik aterako dituen hitzarmen baten alde egin dezala, horretarako beharrezko bitarteko guztiak jarriz eta dagokion erantzukizun politikoa bere gain hartuz.