Muñoz: "Politika fiskala aldatzen ez bada, gobernuak ez du ezertarako aukerarik izango"

2016/09/08
Muñoz: "Politika fiskala aldatzen ez bada,  gobernuak ez du ezertarako aukerarik izango"
Duela lau urte, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen aurretik, ELAk agiri bat zuzendu zien indar politikoen Lehendakarigaiei. Agiri hartan Eusko Jaurlaritzara iristekotan hartu beharreko konpromiso batzuk jaso ziren. Halaber, bilera bat eskatzen zen agiriaren edukia aztertze aldera. Gogora daiteke Urkullu lehendakarigaiak eta bere alderdiak, EAJk, erantzun ere ez zuela egin. Ez zen izan horrela jokatu zuen alderdi bakarra: PSE-EEk ere ez zuen erantzun. Bestalde, "politika fiskala aldatzen ez bada gobernuak ez du ezertarako aukerarik", esan du Muñozek.

Legislatura honetan Urkullu Lehendakariak uko egin izan dio ELArekin biltzeari, argudiatuz ez deritzola egoki biltzea bere gobernuaren ekintzarekiko posizio kritikoa publiko egiten duen erakunde batekin. ELAren iritziz, oso larria da Lehendakariaren moduko agintari batek horrela jokatzea, erakunde desberdinekin elkarrizketa eta dialektikazko harremana izan beharko bailuke, bere politikak onartu zein ez.

Adolfo Muñoz "Txiki" idazkari nagusiak eta Mikel Noval arlo sozialeko arduradunak aurkeztu dute datorren Legegintzaldirako ELAren proposamenak.

ELAren aburuz joan den legislatura honetan jarraipena eman zaie Lopez Lehendakariaren gobernuak krisian ezarritako politikei. Eusko Jaurlaritzak are gogorrago aplikatu ditu herritarrak oro har pobretu eta zerbitzu publikoak hondatu dituzten politikak. Era honetan, politika fiskala aldatzea eskatu aurrekontu sozialagoak bideratu ahal izateko. "Berton erabakitako aurrekontu-politika egiteko konpromisoa, Madrilen hartutako erabakien menpeko izango ez dena. Honek esan nahi du aurrekontuak egin behar direla Madrilek autonomia-erkidegoentzat ezartzen dituen defizit publikorako mugak onartu gabe, beharrizan sozialen estaldurari eman behar baitzaio lehentasuna".

Negoziazio kolektiboan oinarrizko arau demokratikoak aintzat hartzeko konpromisoa eskatu dio Jaurlaritzari. "Eremu formalean, eragin guztietarako, sindikatu bakoitzaren ordezkaritza maila berariaz errespetatu behar da. Erabakiak alde bakoitzaren gehiengoz hartu behar dira", sindikatuaren esanetan.

Irakurri txostena osoa