ELA eta Bizkaidendaren arteko akordioak lan hitzarmen sektorial onak lortu ahal direla erakusten du
Akordioaren aurkezpena egin dute gaur goizean Bilbon, Joseba Villarreal, negoziazio kolektiboko arduraduna eta Marikruz Elokoro eta Marije Fernandez, merkataritza alorreko ordezkariak.
Hitzarmen hori argitaratu izana oso albiste ona da ELArentzat. Gogora ekarri behar dugu hitzarmen hori ELAk bakarrean negoziatu duela, eta gainerako sindikatuek (CCOO, UGT eta LAB) negoziazio-mahaian parte hartzeari berari ere uko egin ziotela oso oldarkor.
Patronalak blokeatzen ditu hitzarmenak
Lan-erreforma indarrean sartu zenetik CECOBI patronalaren jarrera salatu izan dugu. Patronal hori gero eta oilartuago ari izan da, eta sistematikoki blokeatu ditu hitzarmenen eduki onak. Bost urtez aritu da negoziazioak blokeatzen; eta lan-erreformaren ostean, eskueran izan dituen baliabideak erabiliz are onura handiagoa atera nahi izan du. Oso deigarria da ikustea UGT, CCOO eta LAB patronal horren alde hain sutsuki agertzea, jakinda negoziazio kolektiboa blokeatzen duela, baldintza ziztrinak ezarri gura dituela, eta lan-erreforma oso-osorik aplikatzearen aldekoa dela.
Bestalde, ELAk CECOBI patronalaren zilegitasun eza ere salatu izan du, apurka-apurka afiliatuak galduz joan baita, eta diru publikoa baino ia beste diru-sarrerarik ez baitu. Sindikatuok hauteskundeetan lorturiko ordezkaritza frogatu behar dugu, patronalak aldiz sindikatuen alderditik onartzen zaion ordezkaritza dauka. Patronalaren ordezkaritzaren defizit demokratikoa agerikoa da.
Ehungitza alorrean posible bada, zergaitik ez beste alorretan ?
ELAren eta Bizkaidendak patronalaren artean argitaratu berri den hitzarmena aldaketa nabarmena izan da negoziazio kolektiboaren esparruan, eta bai Merkataritzan, bai beste sektore batzuetan urratu beharreko bide berri bat. Gainera, erakutsi digu hitzarmen onak lortu daitezkeela, oraingo egoeran ere bai; eta ez dela ezinbestekoa CONFEBASKi elkarturiko patronalen xantaia eta beheranzko baldintzak onartzea.
ELAn lanean jarraituko dugu hitzarmen onak lortzeko asmoz, aplikazioa bermatzen dutenak eta lan-erreformatik blindatzen dutenak; eta berriro eskaintzen diegu gure konpromisoa Hego Euskal Herriko langileei bizimodu-baldintzak zaintze aldera.