Sidenorren mobilizazioak eta batzarrak egitearen aldekoa da ELA
ELAren aldetik oso zorrotzak izaten saiatzen ari gara ERTEaren negoziazioan. Dokumentazioa eskatu diogu enpresari, egoera aztertzeko eta geure burua ondo kokatzeko. Kontuan izan behar dugu ERTE baten bidez, langileak langabeziara bidaltzeaz gain, arrazoiak ere azaltzen direla (ekonomikoak, teknikoak, antolamendukoak edo ekoizpen-arlokoak), eta arrazoi horiek orain onartuz gero, gerora ere argudiatu ahal izango dira langile-kaleratzeak edo lantegi-itxierak erraztearren.
Tamalez Sidenorko zuzendaritza berriarekin egiten den negoziazioa eta Gerdaurekin egiten zena oso antzekoak dira. Enpresak ezer zuritu orduko, edo eskaturiko dokumentazioa ekarri orduko, CCOO-UGT-USO sindikatuek ontzat emana dute enpresaren proposamena. Sindikatu horiek onartu dute, dagoeneko, esparru-akordioaren negoziazioa hastea; eta oraingo bidegurutze honetan negoziazio batek ekar dezakeen gauza bakarra lan-baldintzak okertzea da. Enpresa honetan lan egiten dugunon zoritxar handienetako bat zera da: hemengo gehiengo sindikala zuzendaritzarekin bat eginda dago.
Labur-labur azalduko dugu jarraian zein diren enpresaren proposamenak esparru-akordio berrirako:
- Errelebo-kontratuaren akordioa bertan behera uztea.
- Egutegi-aldaketak zehaztu gabeak izatea, 4 eguneko aurre-abisua emanez, asteburuetan ere bai.
- Oporrak zatikatzea. Jarraian 15 egun bakarrik, ekainetik irailera.
- 32 prestakuntza-ordu, lanalditik kanpo.
- Malgutasuneko 80 ordu, egutegi-urte bakoitzeko zenbatzekoak.
- Mugikortasun funtzionala erraztea.
- Gertakizun arrunteko osagarriak kentzea, gaixotasun larriaren kasuan izan ezik.
Bide hori ibilia dugu dagoeneko. Azken urteotako negoziazio bakoitzean errepikatu digute lan-baldintzak okertzea zela bide egokia enpresaren arazoak konpontzeko, baina bistan dago hori guztia gezur hutsa izan dela.
Enpresako akziodunek eta jabeek hortzez eta haginez defendatu dituzte beren abantailak. ELAn uste dugu badela garaia langileok ere geureak su-ta-ke defendatzeko. Mobilizatzeko ordua da, batzarrak egin behar ditugu lehenbailehen, orain gure txanda da, entzun beharko digute.