Mitxel Lakuntzak Idoia Mendiaren aurrean salatu du DSBEari buruzko lege proiektuak azken urteotako murrizketak betikotzen dituela

2022/09/08
Mitxel Lakuntzak Idoia Mendiaren aurrean salatu du DSBEari buruzko lege proiektuak azken urteotako murrizketak betikotzen dituela
Idoia Mendia lehendakariordearekin bildu dira gaur Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia eta Mikel Noval sindikatuko Azterketa Bulegoko arduraduna, eta Eusko Jaurlaritzaren politikei buruzko balorazio negatiboa helarazi diote.

Mitxel Lakuntzak Idoia Mendiaren aurrean azpimarratu du Urkulluren Gobernuak ez duela aintzat hartzen bizitzaren garestitzea, KPIa % 10etik gorakoa denean. "Eusko Jaurlaritzak zigortzen ditu sektore publikoko langileak erosahalmenaren galera handiarekin”. Baita diru sarrerak bermatzeko DSBEaren beharra duten pertsonak ere, diru sarrera txikiak izaki. “Pertsona horiek Eusko Jaurlaritzaren politika zuhurra jasaten dute, errenta horrekin jasotzen duten diru sarreren zenbatekoan ere erosahalmen galera dagoelako”. Era berean, Lakuntzak kritikatu du Mendiak aurkeztutako Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren lege proiektua. "Duela urte batzuetatik prestazio sozialetan aplikatzen diren murrizketa guztiak betikotzen ditu".

Bestalde, ELAko arduradunek Mendiari exijitu diote Eusko Jaurlaritzak alda dezala zerga arloan duen jokamoldea, kapitalari eta errenta handiei zergak handitzeko. Zehazki, salatu dute Lakuako Gobernuak uko egin diola energia eta finantza erakundeen aparteko irabaziei zerga bat aplikatzeari. "Enpresa horiek herritar guztien kontura irabaziak lortzen ari dira. Onartezina da Europako hainbat tokitan aplikatzen ari den neurri horri uko egitea".

Lakuntzak ere salatu du Eusko Jaurlaritzaren jarrera antidemokratikoa, ez duelako langileek sindikatuei emandako ordezkaritza errespetatzen, Lanbideko Administrazio Kontseiluan gertatu den bezala. Jaurlaritzari eskatu dio atzera egin dezala ELAren ordezkaritza sindikala CCOO eta UGT sindikatuei emateko erabakian.

Azkenik, ELAk egiaztatu du Jaurlaritzak ez duela inolako borondaterik lan osasunaren arloan eraginkortasunez jarduteko, nahiz eta azken hilabeteetan ezbehar eta lan heriotzak nabarmen handitu diren.