Nafarroako Gobernuak Administraziorako 35 orduko legea hilobiratzen du
1999. urtean, eta borroka sozial zein sindikal baten ondoren, Administraziorako lan-jardunaldien Murrizketa Legea onartu zuen Nafarroako Parlamentuak (martxoaren 16ko 6/1999 Foru Legea). Arrazoibide arloan, enplegu sortzeko helburua azpimarratzen zen.
Hala eta guztiz ere, 13 urte geroago eta 50.000 langabetu izanik, 37,5 orduko lan-jardunaldia inposatu du Nafarroako Gobernuak. Erabaki honek langabetu gehiago, lan-karga handiagoak eta zerbitzu publiko okerragoak ekarriko ditu, besteak beste.
Bide batez, Nafarroako Gobernuak bere langileak gehiago lan egitera eta gutxiago kobratzera bultzatzen ditu. Jakina denez, enpresa pribatuek bide bera hartzeko mezua da, 2010ko maiatzean Zapaterok egin zuen bezala, funtzionarioen soldatak murriztuz.
ELAk onartezintzat jo du Nafarroako Gobernuen jarrera, enplegua suntsitzea besterik ez duelako egiten.
Erabaki honek pribatizazio eta sektore publikoko desegituratze aldera beste pausu bat da, beti ere UPN-PSNren eskutik.