ETAren atentatuaren gaitzespena

2008/04/17
ELAko komunikazio arduradun Patxi Agirrezabalak ETAk apirilaren 17an Bilboko La Peña auzoan PSEk egoitza duen inguruan burutu duen atentatua gaitzetsi du. Lehenengoz, atentatuan zaurituak izan diren ertzainei bere elkartasuna adieraztearekin batera, lehenbailehen osa daitezen desioa adierazi die. Bide batez, bere elkartasuna helarazi nahi izan die ere, atentatuan bere ondasunak kaltetuak izan dituzten auzokideei eta PSEri

ETAri indarra eta bortxakeriaren bideak behingoz baztertzeko exijentzia berresten dio ELAk. Sufrimendua eta haserrea bakarrik sortzen dute honelako ekimenek eta horregatik borroka armatuarekin bukatu beharra dago. Herri honek bizi duen gatazka politikoari irtenbideak eskaintzeko ezinbestekoa da, Agirrezabalaren aburuz, bide zibil eta demokratikoak soilik erabiltzea.