ELAk Txiki Muñozen ondorengoa hautatuko du apirilaren 5ean ohiz kanpoko kongresuan, Donostiako Kursaalen

2019/04/02
ELAk Txiki Muñozen ondorengoa hautatuko du apirilaren 5ean ohiz kanpoko kongresuan, Donostiako Kursaalen
ELAk ohiz kanpoko kongresua egingo du Donostiako Kursaalen apirilaren 5ean, Adolfo `Txiki´ Muñozen erreleboa egiteko Idazkaritza Nagusian. Sindikatuaren estatutuetan adin-muga bat dago kargu horretarako, eta muga hori aurten beteko da. Hori horrela, Nazio Batzordeak (non Batzorde Eragilea eta eskualde zein federazioetako arduradunak biltzen diren) Mitxel Lakuntza proposatu du idazkari nagusi izateko.

Batzorde Eragileko beste hamaika kideek osatzen dute hautagai-zerrenda. Txiki Muñozek Batzorde Eragilean duen kargua utziko duenez (eta 12 kide osatzen dela kontuan hartuta), Nazio Batzordeak Maialen Aranburu proposatu du organo horretan sartzeko.

Beraz, apirilaren 5ean Batzorde Eragilerako zerrenda osoa bozkatuko da: Mitxel Lakuntza idazkari nagusi; Amaia Muñoa idazkariorde nagusi; Amaia Aierbe; Xabi Anza; Maialen Aranburu; Iván Giménez; Laura Gonzalez de Txabarri; Pello Igeregi; Mikel Noval; Leire Txakartegi; Eustakio Uranga eta Joseba Villarreal. Kongresua Donostian, Kursaalen, egingo da, 09:30etatik 14:00ak arte; eta 736 ordezkarik hartuko dute parte, sindikatu honetako hiru federazioen (Industria eta Eraikuntza, Zerbitzuak eta Gizalan) eta hamabi lurralde-egituren ordezkaritzan. ‘Indar Betean’ izango da gure goiburua, azken kongresuan (Bilbo, 2017) izan genuenaren jarraipen moduan ('Indarberritzen').

Kongresua Donostian, Kursaalen, egingo da, 09:30etatik 14:00ak arte.

Unerik garrantzitsuenak hauek izango dira:

10.15. Amaia Muñoa, idazkari nagusiaren ondokoaren hitzaldia.

10.30 Txiki Muñoz `Txiki´, idazkari nagusiaren hitzaldia.

11.30 Bozketa.

12.30 Nazioarteko gonbidatuak (CES, CSI).

12.55 Batzorde Eragilearen bozketaren emaitza.

13.00 Idazkari nagusi berriaren hitzaldia.