ELAk greba deitu du irailaren 28an, 29an, 30ean eta urriaren 1ean
Bizkaiko eraikin eta lokalen garbikuntzako hitzarmena negoziatzeko 21. bilera arrakastarik gabe amaitu zen atzo. Izan ere, patronalak ez du onartu ELAk eta LABek uztailaren 2an batera aurkeztutako proposamena. Ezezkoaren aurrean, ELAk greba deitu du irailaren 28, 29, 30 eta urriaren 1erako. Era berean, orain arte grebetan parte hartu duten gainerako sindikatuei grebekin jarraitzeko deia egin die. Lehenengo greba abenduaren 17an izan zen, eta orain arte 13 greba egun egin dituzte.
ELArentzat funtsezkoa da 1.500 euroko oinarrizko soldata bermatzea 15 ordainsarietan eta lanpostu hutsak betetzeko akordio bat sektorearen errealitatera egokituta.
Patronalaren azken proposamena ekainaren 23an iritsi zen -uztailaren 15ean iraungitzen da proposamena- eta soldata igoera jasotzen du, bi kontzeptutan banatuta: oinarrizko soldata eta hitzarmen plusa. Hala ere, azken hori ez litzateke baja osagarrian sartuko, eta, beraz, aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileek ez lukete soldataren zenbateko handirik jasoko. Era berean, ELAk uste du lanpostu hutsak betetzeko akordio-proposamena errealitatetik oso urrun dagoela, eraikin berean lan egiten duten pertsonak soilik hartzen dituelako kontuan.
Gogoan izan behar da sektore horretan 12.000 langile inguru daudela eta gehienak emakumeak direla eta lanaldi partzialak dituztela.