Noval: “Kutxabankeko harrapaketaren konplize dira, edota arduragabe batzuk”

2014/11/03
Kutxabanki ezarri nahi dizkioten eskakizun berrien inguruko informazioak direla eta, ELAk posizioa finkatu du Mikel Noval Ikerketa eta Politika Sozialeko arduradunari eginiko elkarrizketa honetan.

- Kutxabankeko arduradunek harro erakutsi dute estres testean ateratako nota ona. Hau benetan al da hain albiste ona?

- Estres testak gainditzeak ez du bermerik ematen banku baten kaudimen errealari buruz. Bankiak, Catalunya Caixak, Dexiak eta Irlandako bankuek aurreko test eta kontrolak gainditu zituzten. Gainera, horrek ez du ziurtatzen ere kreditua emango dutenik, hau beren eginkizunik behinena izanik.

Areago, test horietako nota hobetzeko eredu espekulatiborako joera lagungarria da. Adibidez, hori egin du Kutxabankek enpresa estrategikoetan (Ibermatica, Euskaltel, etab.) zuen partaidetza murriztuta, putre-funtsei 340 milioi euroren balioa zuten kontratuak salduta (5 milioi euroren truke, bitartekarien komisioak kenduta), komisioak gehituta, etxe gabetzeei eutsiz, gizarte-ekintza murriztuaz edota enpleguaren %20 suntsituaz (1.000tik gora lanpostu).

-Estres testak ezagutu bezain pronto Espainiako Bankuak zirkular baten zirriborroa aurkeztu du, zeinetan arautzen dituen banku baten akzioak dituzten banku-fundazioek bete beharreko baldintzak.

- Zirriborro hori Kutxabanken kapital pribatua sartzeko bidean beste mugarri bat izango da.

- Espainiako Bankua bere kasa ari al da erabakiak hartzen?

- Hori inork ez du sinesten. ELAk eta beste erakunde batzuk aspaldidanik salatu dugu hemen hasieratik adostutako plan bati jarraitzen ari zaizkiola, epeka gauzatzen ari den plana; honen helburua bost urte barru Kutxabankeko kapitalaren zati handiena akziodun pribatuen esku geratzea da. Orain ere, hiru Kutxak banku-fundazio bihurtuagatik, kapitalaren %100 BBK, Vital eta Kutxaren esku dago. Mario Fernandezek berriro aipatu du bere asmoa dela kapitalaren %70 akziodun pribatuen esku jartzea, Kutxabank Burtsan kotizatzea eta dibidendoak banatzea.

- Baina Kutxabankek ez omen du begi onez ikusi Espainiako Bankuaren dekretu-zirriborroa...

- Ez dut uste hala denik. Espainiako Bankuak dio BBKk, Vitalek eta Kutxak elkar hartuta jokatzen dutela. Hau begibistakoa da, eta Aurrezki-Kutxen eta Banku-Fundazioen legearen hitzez-hitzeko irakurketa; lege honen idazketan, zalantzarik gabe, Kutxabankeko presidenteak zer esan handia izan du. Gainera, Espainiako Bankuak dio BBKk, Vitalek eta Kutxak Kutxabanken %50etik gora kontrolpean badute 700 milioi euroko erreserba-funts bat sortu behar dela. Haatik, ez da funts hori eratu beharrik hiru banku-fundazioek kontrol posiziorik ez badute. Zer da kontrol posizioa izatea? %50a, 30a, 10a? Atea irekitzen da kapital pribatuak eskura dezan Kutxabanken akzioen gehiengo handia, eta horrenbestez, erabateko kontrola izan dezan. Operazio hau pentsatu zutenek hasieratik horixe zeukaten gogoan; beraz, ez dut uste bat ere goibelduta daudenik Espainiako Bankuaren albiste horrekin.

- Zuek behin eta berriz esan duzue gizarteari gezurra esaten ari zaizkiola.

- Kutxabanken gertatzen ari dena oso larria da. Harrapaketa bat, hain zuzen. Gizartearen ondare bat, tresna publiko baten bidez bertoko aurrezkia herriaren onura ekonomiko eta sozialera bideratzea ahalbidetzen zuena, ohiko banku pribatu bihurtzen ari da, espekulazioa hobesten duena. Bi aukera besterik ez dago: Operazio hau gidatzen eta babesten dutenak harrapaketaren konplize dira, edo arduragabe hutsak. Bata zein bestea dela ere, kargua utzi beharko lukete.

Esaterako, benetan Espainiako Bankuaren asmoa gustukoa ez balute, galdetu egin beharko litzaieke: Hitz egin al dute aurretik erakunde harekin? Hala bada, eta Bankuak esango zuena bazekiten, ezkutatu egin digute. Ez bazekiten, nolatan ekin diezaiokete banku-fundazio bilakatzeko operazio bati, biharamunean jasan ezineko baldintzak jarri dizkizutelarik? Dimisioa eman beharko lukete. Baina ez dute egingo, benetan ados daudelako Kutxabank espekulatzaileen esku uztearekin.

- Nortzuk dira honen arduradunak?

- Arduradunak dira prozesu hau guztia asmatu eta babestu dutenak. Guztiok genekien aspaldidanik; ez gara beste inor baino azkarragoak. EAJ, PP, PSOE, CCOO, Pixkanaka: Horiek osatzen duten kastak eman dio prozesu honi babesa.

- Zein izan da komunikabide handien jokabidea?

- Operazioa gaitzetsi dugunon kritika eta argudioak ezkutatu egin dituzte, eta zeuden alternatibak isilarazi. Informazio ordez iritzia eman eta gai hau aipatu duten aldioro esan dute banku-fundazio bilakatzea derrigorrezko zela, hori egia ez zen arren. Beraz, eurak ere konplize edo arduragabeak dira.

- Oraindik ere esaten dute Kutxabankek hazi beharra duela.

- Hala da. Irtenbiderik gabeko autopista batean sartu dira. Jarrera aldatu ezean, eta ez dirudi hau gertatuko denik, oso litekeena da banku handiren batek Kutxabank irenstea. Kudeaketa oso txarra egiten ari dira, eta ondorioak etorkizunean ikusiko ditugu argiago.

- Alternatibarik ba al dago?

- Oraindik garaiz gabiltza. Borondate politikoa izanez gero, eta zinez kezkatuta baleude Espainiako Bankuaren asmoekin, larrialdiko kontseilu bat eratu beharko lukete, zer egin eztabaidatu eta berehala erabakiak hartzeko. Banku-fundazio bilakatzeko prozesuan atzera egin daiteke; Aurrezki Kutxa edota Banku Publiko bihurtzeko aukera ere azter daiteke. Kutxabanken kapitala erakunde sortzaileen (Aldundi eta Udalen) esku jartzea erabaki daiteke. Hainbat modutan saihets daiteke akzioen %70, 80 edo 90a akziodun pribatuen esku uztea. Baina horretarako, berriro diot, borondate politikoa behar da, eta orain arte prozesuaren ardura izan dutenek ez dute halakorik erakutsi.