JUSTIZIA KLIMATIKOA

Nepalgo uholde izugarriak krisi klimatikoaren eta justizia klimatiko ezaren aurpegirik gordinena azaleratu du

2026/09/21
Nepalgo uholde izugarriak krisi klimatikoaren eta justizia klimatiko ezaren aurpegirik gordinena azaleratu du
Hondamendi honen aurrean, Nepalgo Gobernuak 17 milioi euroko kalte-ordaina eskatu dio Nazio Batuen Galera eta Kalteen Funtsari. Eskaera honek justizia klimatikoaren eztabaida jarri du mahai gainean, Nepalek munduko gas isurien %0,1 baino ez baitu eragiten, baina krisia lehen lerroan pairatzen baitu.

2026ko abuztuaren 26an, ezusteko luizi handi batek hondamendia eragin zuen Himalaian, Nepal eta Tibet arteko mugan dagoen Trishuli haranean, errekaren emaria zazpi minututan erabat haziz. Sarraski handi honek gutxienez 1.300 lagun hil ditu (iturri batzuen arabera 1.403) eta, ia hilabetera, 5.000 eta 6.000 pertsona artean desagertuta daude oraindik, erreskate lanak asko zaildu dituen suntsipenaren ondorioz.

Ikertzaileek argitu dute berotze globalak halako gertaeren arriskua eta larritasuna biderkatzen dituela, Himalaia planeta baino bi aldiz azkarrago berotzen ari baita eta azken 30 urteetan izotzaren herena galdu baitu.

Zientzialarien arabera, mendiko hormak desegonkortu zituen arrazoi nagusietako bat 2015eko lurrikara indartsua izan zen, mendi hegala ahuldu eta luizien maiztasuna izugarri handitu zuen. Faktore geologiko hori gainera klima larrialdiak biderkatu du: alde batetik, izotz geruza permanentea (permafrosta) azkar urtutzen ari da, arroka blokeak lotzeari utziz; eta bestetik, mendiko glaziarraren galera laukoiztu egin da azken urteetan, mendiari egiten zion "kontrahorma" efektua ezabatuz.

Hondamendi honen aurrean, Nepalgo Gobernuak 17 milioi euroko kalte-ordaina eskatu dio Nazio Batuen Galera eta Kalteen Funtsari. Eskaera honek justizia klimatikoaren eztabaida jarri du mahai gainean, Nepalek munduko gas isurien %0,1 baino ez baitu eragiten, baina krisia lehen lerroan pairatzen baitu. Shisir Khanal Atzerri ministroak eta Tashi Lhazom aktibistak azpimarratu dute eskaera hau ez dela karitatea, justizia baizik, eta herrialde aberats eta kutsatzaileek beren gain hartu behar dutela eragindako kalteen erantzukizun ekonomiko zein morala.

Alabaina, laguntza hau jasotzeko bidea ziurgabetasunez beteta dago. Eskaera bideratu zaion NBEren Funtsak ez du oraindik euro bakar bat ere banatu sortu zenetik eta egoera kritikoan dago: 2.415 milioi euroko balioa duten 198 eskaera jaso dituen arren, herrialde aberatsen konpromisoak 709 milioi eurora baino ez dira iristen, eta horietatik soilik 484 milioi daude ziurtatuta.

Pariseko Akordioaren krisia areagotu egin da NBEk 1,5 graduko muga gainditzea ezinezkotzat jo duen testuinguru honetan, eta AEBak itunetik kanpo egoteak are gehiago zailtzen du konponbidea. Trishuli haraneko gertakariek argi utzi dute egokitzapen-neurrien mugak gainditu direla eta berreraikuntzarako funtsak ezinbestekoak direla.