Gipuzkoako justizia eraikinetako garbiketa (SERVEO)
ELAk hitzarmen berria lortu du, %18,2ko soldata igoerarekin
2021etik sinatu gabe zegoen akordioak 2027ra arteko indarraldia izango du, eta soldata igoerak eta baimenetan hobekuntzak jasotzen ditu.
ELAk Gipuzkoako justizia-eraikinetako garbiketa zerbitzuko langileen hitzarmena sinatu du, 2021etik berritu gabe zegoena. Akordioak 40 langile ingururi eragingo die, gehienak emakumeak, eta 2024tik 2027ra bitartean egongo da indarrean.
Hitzarmenak %18,2ko soldata igoera metatua jasotzen du: %4koa 2024an, %4,5ekoa 2025ean, %4,7koa 2026an eta %5ekoa 2027an. ELAren arabera, igoera horiek sektore feminizatuaren eta maskulinizatuago dauden sektoreen arteko soldata arrakala murrizten lagunduko dute.
Horrez gain, kontziliazioa errazteko baimenetan hobekuntzak jasotzen ditu, baita langileen lan baldintzak babesteko klausulak ere.