Irango gerraren ondorioen aurkako neurrien dekretua

ELAk salatu du neurriak diru-bilketa murriztuko duela eta enpresei eta kapitalari zergak igotzeko exijitzen du

2026/03/27
ELAk salatu du neurriak diru-bilketa murriztuko duela eta enpresei eta kapitalari zergak igotzeko exijitzen du
Espainiako Kongresuak atzo onartutako dekretuak, Iraneko egoeraren ondorio ekonomikoei aurre egiteko 5.000 milioi euroko planarekin, norabide okerra berresten du. Prezioak arintzeko BEZaren eta Hidrokarburoen zergen beherapenak diru-bilketa publikoaren murrizketa ekarriko du eta gainero neurriak ez du bere helburua lortuko, hau da, prezioen beheraka.

Azken asteetan gertatzen ari den bezala, Irango egoerak energiaren prezioen igoera ekarri du, eta datozen hilabeteetan KPIaren igoera nabarmena espero da. Hala ere, 2022an Ukraniako gerrarekin gertatu bezala, arriskua dago ondorioak modu berean ez banatzeko: enpresa handiek, bereziki sektore energetiko eta finantzarioek, mozkin handiak pilatzen dituzten bitartean, langile klaseak pobretze prozesu larria pairatzen du .

Testuinguru honetan, Gobernuak proposatutako neurri nagusia —energia prezioei lotutako zergen jaitsiera— erabat desegokia da. Politika fiskal horiek izaera orokorra dute, eta praktikan, gehien mesedetzen dituztenak enpresa handiak eta errenta altuak dira, ez egoera zaurgarrian dauden pertsonak. Adibidez, Bizkaiko Ogasunak esan duenez 125 milioi euro gutxiago bilduko dira hiruhilabetean neurri honekin

Gainera, planak berriro ere enpresen interesak lehenesten ditu: diru-laguntzak, finantziazioa eta zerga-onurak nagusitzen dira, “ezkutu sozial” oso mugatu baten aurrean. Gobernuak ez du planteatzen neurri estrukturalik, hala nola enpresa energetikoen mozkinak mugatzea edo fiskalitate bidezkoago bat ezartzea, krisiaren kostua modu justuagoan banatzeko.

ELAren iritziz, beharrezkoa da norabide aldaketa sakona. Sindikatuak honako neurriak aldarrikatzen ditu Ogasunei, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari eta euskal alderdiei:

  • Fiskalitate bidez diru-bilketa handitzea, eta ez kontrakoa, bereziki egoeratik etekina ateratzen duten enpresei ezohiko zergak ezarriz.

  • Enpresei ematen zaizkien laguntza eta zerga-onurei baldintzak jartzea, enplegua bermatzeko eta kaleratzeak saihesteko.

  • Pertsonak erdigunean jarriko dituen benetako ezkutu soziala garatzea: laguntza zuzenak handitzea, elikagaien eta oinarrizko horniduren prezioen esku hartzea eta etxebizitza-politika ausartak ezartzea.

  • Subiranotasun energetikoaren aldeko apustua egitea, energia eredua demokratizatuz eta enpresa handien kontrolpetik ateraz.

Azkenik, ELAk salatzen du berriro ere krisiaren kostua langile klasearen bizkar uzten dela, eta dei egiten du mobilizazio sozialari eta politika publiko ausartagoak martxan jartzera, gehiengo sozialaren interesak defendatzeko.