ELA-ko delegazio batek parte hartu du ekainaren 7 eta 8an Atenas-en ospatu den Alter Summit-ean
Alter Summit-ari hasiera akto batekin eman zitzaion eta bertan Europa osoko jendea eta organizazioak egon ziren. Aktoan Manifesto bat aurkeztu zen, hain zuzen ere azken hilabeteetan Alter Summit-eko kideak diren sindikatu eta mugimendu sozialek landu dutena. Manifestu honek kideen aldarrikapen nagusiak jasotzen ditu eta europear mugimendu alternatibo baten oinarria suposatzen dute, Europa sozial, demokratiko, ekologiko eta feminista baten alde.
Bigarren egunean asanblada tematikoak ospatu ziren. ELA-k ponente bezala parte hartu zuen ‘Lana-Prekaritatea-langabezia: langileen eskubideen inguruko europear politikak aldatu‘ asanbladan. Unai Onederrak azpimarratu zuen bezala, ‘azken urteetan aplikatzen ari diren erreformen ondorioz langileei geratzen zaigun alternatiba bakarra enpresaz enpresa antolatu eta borrokatzea da, kaleko mobilizazioak ahaztu gabe‘. Gainera, patronalari legitimitaterik ez emateko garrantzia nabarmendu zuen: ‘ezin zaio patronalari argazki eta sinadura hutsak eman‘. Azkenik Euskal Herrian momentu honetan ditugun gatazka ezberdinak aipatu zituen.
Alter Summit-a Atenaseko kaleetan zehar egindako manifestazio batekin bukatu zen larunbat arratsaldean.