ELAk elkarretaratzea egin du lan osasunean kontrola handitu eta NOPLOIrentzat eta Lan Ikuskaritzarentzat baliabide gehiago eskatzeko
Elkarretaratzea Pitillas-eko (Nafarroa) txerri-ustiategi bateko hiru langile hil izana salatzeko deitu du ELAk. Lehen datuen arabera, heriotzak oxigeno gutxiko hobi batean gertatu ziren, langileetako bat bertara erori eta beste biak erreskatatzera joan direnean. Hildakoen senideei eta hurbilekoei babesa eta elkartasuna adierazi ondoren, gertatutakoa ahalik eta lasterren ikertzeko eskatu du, berriro ez errepikatzeko neurriak ezarri eta erantzukizunak argitzeko.
Nafarroa da estatu mailan lan-istripu gehien ematen diren lurraldea. 2026. urtean 13 pertsona hil dira beren lanpostuetan eta 2025ean 27 izan ziren hildakoak. Asfixiak eragindako heriotza mota hau da azken urteetan gehien errepikatu denetako bat, sarbidea galarazteko neurriak, neurgailuak, babeserako ekipoak ezarri izan balira, erraz saihestu ahal izango zirenak. Horrela, 2018an Corellan, 2022an Garesen eta 2023an Leitzan izan ziren antzeko gertaerak.
Horregatik, ELAk patronalari eskatu dio absentismoaren diskurtso faltsua alde batera utzi eta enpresek laneko arriskuen prebentzioan egiten dituzten inbertsio ekonomikoen hazkundea bultzatu dezala. Bestalde, Nafarroako Gobernua babesten duten alderdi politikoei eskatu die lan-osasuneko elkarrizketa sozialeko politika ez-eraginkorrekin apurtu, eta Nafarroako enpresen segurtasun-baldintzak kontrolatzeko NOPLOI eta lan-ikuskaritzaren kontrol-baliabideak areagotu ditzala.