INDUSTRIA ETA ERAIKUNTZA

Congelados de Navarra, oinarritik egindako sindikalismoa

2026/05/28
Congelados de Navarra, oinarritik egindako sindikalismoa
ELAk estatuko hitzarmenarekin hautsi eta % 21 eta % 36 bitarteko soldata igoerak lortu ditu langile gehienak migratzaileak diren enpresa batean.

Arguedas eta Fustiñanako lantegietan diharduten ia 1.000 lagunek hitzarmen propioa izango dute; urteko lanaldia 28 ordu laburragoa izango da, 1.200 euroko saria ordainduko zaie, plus handiagoak eta datozen urteetan KPI+1,5eko igoerak. Lehen hitzarmena da Erriberako nekazaritzako elikagaien industria garrantzitsuenetakoa den Congelados de Navarra enpresan. Horrela ELAk hautsi egin du UGTk eta CCOOk Madrildik inposatzen dituzten lan-baldintzekin, eta estatuko tauletakoak baino soldata hobeak ordainduko dira, % 21 eta % 36 artean. Congelados de Navarrak bi lantegi ditu, bat Arguedasen (ELAko 8 ordezkari eta UGTko 5) eta bestea Fustiñanan (10 ELA, 3 UGT, 4 Independenteak); guztira ia 1.000 langile.

Viviana Vanessa Rodriguez Justiniano (Fustiñana) eta Maricela Suarez Henao (Arguedas) ordezkarik diotenez, hobekuntzarik nabarmenena da kategoria apalenetan soldata-taulekiko igoera; orain arte UGTk eta CCOOk ezartzen zituzten Madrildik. Igoera laguntzaileentzat % 21ekoa izango da, eta % 36koa beste kategoria batzuentzat; espezialistek % 28 gehiago irabaziko dute, eta 2. mailako ofizialek % 30 gehiago. Soldatak KPIz gaindi eguneratuko dira (2027an, KPI+1,5 eta 2028an KPI+1,5). Gainera, akordioarekin gaueko eta aparteko orduen prezioa hobetuko da, eta plusak jasoko dituzte tenperatura hotzetan lan egiten dutenek.

Congelados de Navarrako hitzarmen berriarekin urteko lanaldia 28 ordu laburtuko da 3 urteren buruan (12 2026an, 8 2027an eta 8 2028an), hots, 3 lan-egun eta erdi gutxiago. Lantalde guztiari aplikatuko zaizkio lizentzietako hobekuntzak, baimen bereziak, baita 1.200 euro gordineko saria hitzarmena sinatzean. Bestalde, ELAk lortu du 400 euroko leialtasun sari bat; hau 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko zaie enpresan lau urtetik gora daramaten langileei. Hitzarmenak ultraaktibitatea izango du (haren ordezko bat adostu arte indarrean izango da), eta indargabetu ez den lan-erreformatik blindatzen du salbuespen klausula batek.

Orain arte bi lantegietan estatuko Landare-Kontserbagintzako hitzarmena aplikatzen zen, oso baldintza prekarioak zituena eta urtez urte Madrilen UGTk eta CCOOk inposatzen dutena, Nafarroan hitzarmen autonomikoa galaraziz.

Congelados de Navarrako negoziazioa hasi gehienbat migranteek osatutako talde batek erabaki zuenean ELArekin antolatzea eta ordurarte ordezkaritza sindikalik ez zuten lantegiotan hauteskundeak deitzea. "Arazoak arazo, langileen gehiengoak babesa eman zien; orain saritu egin dute haien ausardia eta sindikalismo ezberdina, borrokalariaren hautua egin izana, lehen hitzarmena ekarri duena", nabarmentzen du Iñigo Campo ELA-Erriberako arduradunak.

Maricela Suárez Arguedasko lantegiko langile-batzordeko buruak dioenez, "langileak pozik daude sindikatuak ematen dien sostenguarekin. Egunetik egunera ahaldunduago gaude. Hau hobekuntzen hasiera besterik ez da. Jendeak ez du sindikatu batengana jotzeko beldurrik izan behar".

Jenny Ibet Chambi Chiri, Lucca Sabido Soto eta Tito Torrico Fernández ELAko ordezkariak dira Fustiñanan; haien lankideekin batera Ubaldo Sola Erriberako industriako arduradunaren lana esker onez gogoratzen dute; hark jo zuen langileengana eta eskubideen alde borrokatzeko aukeraren berri eman zien, ekintza sindikalaren bidez eta lantegietan langile-batzordea osatuz. "Enpresak presioak eragin zituen, 25 urte baitzeramaten langile-batzorderik gabe, baina sindikatuaren babesa izan genuen, eta horrek hazteko aukera eman zigun eta aurrera egin genuen".

“Afiliatu ginen eta Ubaldok esan zigun ezin genuena egin genuen moduko zerrenda bat egin, babestu gabe alegia. Mobilizazioei ekin genienean beldurtuta geunden, batik bat langileen artean esaten zelako enpresak zer egin ziezaiokeen hauteskunde sindikalak bultzatzeko erabakia hartzen zuenari".

Iñigo Campok nabarmentzen duenez, "antolatzen jarraitu beharra dago eta negoziazioa lantokietara hurbildu; Nafarroan negoziatu behar dugu, lan-baldintzak eta gutxieneko soldata".

Congelados de Navarraren kasuan agerian geratu da sindikalismo eraginkorra dela oinarritik eraikitzen dena, aldi berean horrek ez baitu sabairik. Bidea urratzen hasi dira, eta ELAko militanteek Erriberako enpresa honetan zati handia egin du dagoeneko; alabaina, hau hasiera besterik ez da.