U-30 greba orokorra. Ezinbestekoa da gizarte mobilizazioa, diru sarrera eta pentsio maila duin bat bermatzeko
Pentsio sistema etengabeko murrizketa prozesu batean dago. Hamarkada honetan, hiru erreforma onartu dira, izaera antisozial nabarmena dutenak: 2011koa, erretiro-adina pixkanaka 65 urtetik 67ra atzeratu zuena eta UGTk, CCOOk eta CEOEk sinatu zutena, eta 2013an beste bi. Jada pentsioa jasotzen zutenentzat errebalorizazio-indize berri bat ezarri zuen batek (KPIaren igoera bermatzeari utziz), eta etorkizuneko pentsioei "jasangarritasun-faktorea" deiturikoa ezarriz besteak (etengabeko doikuntzarako tresna da jasangarritasun-faktorea delakoa. Honen ondorioz eginiko pentsioen murrizketa, gutxienez, %20koa izango da 2050erako).
Bost lagunetik bat pentsioduna da (%20,8) Nafarroan, eta pentsioen zenbatekoa oso txikia da (1.086 euro, batez beste), eta are okerragoa emakumeen kasuan (813 euro, batez beste). Nafarroan BPGaren %9,4 bideratzen da pentsioetara; eurogunean, berriz, BPGaren %13,6 da batez bestekoa. Euroguneko batez bestekora iristeko, urtean pentsioetara bideratutako baliabide ekonomikoak 814 milioi euro gehiago handitu beharko lirateke. Beharrezkoa da eztabaida bat irekitzea aberastasunaren banaketari buruz, pentsioen esparruan, lehenik eta behin, pentsiodunei zer diru-sarrera maila bermatu nahi diegun zehazteko. Ez da eztabaida teknikoa, politikoa baizik. Pentsiodunek baldintza duinak dituen bizitza bat bizitzeko aukera emango dien pentsioa jasotzeko eskubideaz ari gara.
Ezinbestekoa da mobilizazio soziala. Gutun Sozialaren parte gara, pentsioen erreformaren aurkako greba orokorra deitu genuen 2011n (justu greba hori egin genuen egunean, Zapateroren Gobernuaren, CCOO, UGT eta CEOEren arteko Akordio Sozial eta Ekonomikoa publiko egin zen), eta beste bat 2013an. Gutunetik mobilizazio sorta batera deitu dugu datozen egunetan, urtarrilaren 30eko Greba Orokorra izanik nagusiena. Baldintza duinak dituen bizitza bermatuko duten pentsioen alde borrokatzea lan kolektiboa da, pentsiodunak direnena eta etorkizunean izango direnena.