Greba uztailaren 15ean, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa geldiarazteko
ELAk eta LABek greba deitu dute Hego Euskal Herriko elikadura merkataritzako sektorean datorren uztailaren 15erako, sektoreko lan baldintzak estatu mailako negoziazioaren bidez arautzeko abian jarritako prozesuaren aurka.
Greba eguna patronalak deitutako negoziazio mahaiko bilera berri batekin bat etorriko da. Bi sindikatuen ustez, une erabakigarria da sektorearen etorkizunerako, eta horregatik deitu dute mobilizaziora, negoziazio kolektibo propioaren defentsan eta lan baldintzak Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko.
Gaur egun, Hego Euskal Herriko elikadura merkataritzako langileen lan baldintzak lau lurraldeetako hitzarmen kolektiboen bidez arautzen dira. Hala ere, ASEDAS patronalak, Mercadona, Lidl, Dia edo Uvesco Taldea bezalako enpresa handien bitartez, baldintza horiek estatu mailako enpresa hitzarmenen bidez arautzea bultzatzen ari da.
ELAren eta LABen esanetan, negoziazio mahai horren irekierak lan harremanak estatalizatzeko beste saiakera bat dakar, lurraldeko hitzarmenak edukiz hustuz eta Euskal Herriko langileen eta ordezkaritza sindikalaren erabakitzeko gaitasuna ahulduz. Gainera, ohartarazi dute prozesu horrek gaur egun indarrean dauden hitzarmenek bermatzen dituzten lan eta soldata baldintzak okertzeko arriskua dakarrela.
Bi sindikatuek gogorarazi dute Hego Euskal Herriko elikadura merkataritzako hitzarmenei esker soldatak eta lan eskubideak nabarmen hobetu direla urteotan, bertako negoziazio kolektiboari eta gehiengo sindikalari esker. Horregatik, onartezintzat jotzen dute Euskal Herriko errealitate sindikal eta laboraletik kanpo diseinatutako negoziazio esparruak inposatzeko edozein saiakera.