ELAk errekurtsoak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurka, herri-langileen soldata eta enplegua murrizteagatik

2010/07/12
Epaitegiari eskatu dio gobernuen jarduera horiek baliogabetzeko, askatasun sindikalaren eta negoziazio kolektiboaren eskubideak urratu direlakoan, eta halaber eskatu du kalte-galeren ordaina emateko.

ELAk errekurtso bana jarri die Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, soldatak eta enplegu publikoa murrizten dituzten legeen aurka. Antzeko neurriak hartu diren gainerako esparruetan ere errekurtsoak jartzeko aukerak aztertzen ari dira: udal eta aldundietan, irakaskuntza itunduan, eta enpresa publikoetan.

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren jardueren aurkako errekurtso bietan ELAk eskatu du “aipaturiko jarduerak baliogabetzeko, jokaera antisindikalari berehala uzteko, jardueren aurreko egoerara itzultzeko, ekintzaren ondorioak berroneratzeko, eta dagokion kalte-galeren ordaina emateko”.

ELAren iritziz, eta hala adierazi du errekurtsoetan, askatasun sindikalaren eta negoziazio kolektiboaren eskubideak —bi-biak funtsezkoak— urratu dira; eta horregatik prozedura berezia eta premiazkoa da. Gogoratu beharrekoa da bi esparru horietan dauden negoziazio kolektiboaren akordioak ez direla beteko.

Gainera, ELAk azpimarratu duenez, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza, autogobernuaz baliatu beharrean, Estatuko Gobernuak ezarritakotik harago joan dira, zeren murrizketak ez dira egin bakarrik herri-langileen oinarrizko soldatetan, baizik eta osagarrietan ere bai, eta eraginpean hartu ditu enpresa publikoetako eta irakaskuntza itunduko langile guztiak, ez bakarrik zuzendaritza-postuak.

EAEko kasuan, Gobernua isil-gordean ibili da, eta “ez du informazio osoa eman, ez du aurretiaz aditzera eman gero Patxi Lopezen Gobernuak benetan egin duena”. Izan ere, hasieran jakinarazi ziguten, autogobernuaz baliaturik, %0’56 eta %2’86 bitarteko murrizketa egingo zela oinarrizko ordainsarietan. Hala eta guztiz ere, Gobernu Kontseiluak ekainaren 24an premiabidez onetsi zuen Legean, osagarriak ere murriztea zekarren.

Horren haritik, ELAk nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak begirune eskasa erakutsi die ordezkari sindikalei, eta hark berak sinaturiko akordioak arbuiatu ditu, ez baitu oraindik egin bilerarik Mahai Orokorrean, zer eta nola egingo duten azaltzeko. 

ELAk ohartarazten die langileei nahasmendua dela nagusi nominak egin behar dituztenen artean, eta beraz gomendatzen die “nominak begiratzea”, batez ere abendukoa, ordukoan %30eko deskontua egingo baitute batez bestez guztizko kopuruan. Esanak esan, 2011ko murrizketa are handiagoa izango da, ELAren iritziz.