ELAk bihar independentziarako “Via Catalana” ekitaldian parte hartuko du
ELAk bat egin du deialdi honekin; bere helburua, Carme Forcadell Assembleako buruaren esanetan, independentziaren alde biltzea da uste bera duten guztiak: erabakitzeko eskubidea egungo blokeo egoeratik ateratzeko tresna da. Izan ere, giza-kate honetarako deialdia ELAren ustez gizarte katalanaren gehiengo handiak egin duen analisi politikoarekin bat dator: estatuak behin betiko ukatu dio herri katalanari bere helburu nazionalak iristeko aukerarik txikiena ere; hala erakutsi zuen Estatutaren prozesu bihurrian, eta oraintsu, finantziazio eredua aldatzea ere baztertu duenean. Sindikatu honen ustez egoera puntu honetaraino iritsi delarik, herritar katalan gehienentzat independentzia da proposamen politiko sinesgarri bakarra; besterik ez dute nahi, estatuak erabat eta etengabe ematen baitie ezezkoa (Espainia ez da gauza subirano ez den edozerrekin harreman bilaterala izateko).
ELAk inbidia sanoz begiratzen dio halako mobilizazio handi bati; gainera, guztiz bat dator diagnostikoarekin: estatuarekiko harremanetan ez dago inongo “bilateraltasunik”, gure agintari batzuk honetan tematuagatik ere. Aitzitik, zentralismorako itzulera frogatzen duten adibide berriak ikusten ari gara egunero, eta horiek helburu nazionalak asetzeko ezgauza den estatu autonomikoaren inplosioa eragiten dute. Aipatutako adibide batzuk dira defizit-mugaren aldebakarreko inposizioa, hezkuntzaren gisako eskumenak inbaditzea (Wert legea), erakunde arautzaileak bereganatu izana, kanpo-ekintza politikoa mugatzea, herri-administrazioen erreforma, enplegu-politikak, erreforma elektrikoa...
Via Catalana dela-eta, ELAk nabarmendu nahi du herritarren parte hartzeak izugarrizko balioa duela; izan ere, klase politiko katalanaren zati handi bat mugiarazi baitu, halako aldarria izan ez balitz iritsiko ez liratekeen posizio politikoetaraino. Batzutan, zorionez, herriaren ordezkariak mobilizatu diren klase herrikoien bideari jarraitzera behartuta daude, eta kasu katalana dugu horren eredu ederra.