Katalunia: demokraziaren alde eta errepresioaren kontra

2017/09/29
Katalunia: demokraziaren alde  eta errepresioaren kontra
ELA herrien askatasunaren eta nazioarteko elkartasunaren alde dago, eta horregatik sostengatzen du herri katalanari bere estatus politikoa erabakitzeko zor zaion eskubidea, espainiar Estatuaren babesa izan ala ez. Gainera, ELAk pozez ikusten du erakunde katalanek, behin gatazka aldebiko harremanekin konpontzeko saio guztiak agorturik, herritarren aldarria bere egin eta aldebakarreko bidetik jotzea erabaki izana, herriari hitza emateko.

ELA sindikatuak Sindikatuen Europako Konfederazioari helarazitako hausnarketa

ELA herrien askatasunaren eta nazioarteko elkartasunaren alde dago, eta horregatik sostengatzen du herri katalanari bere estatus politikoa erabakitzeko zor zaion eskubidea, espainiar Estatuaren babesa izan ala ez. Gainera, ELAk pozez ikusten du erakunde katalanek, behin gatazka aldebiko harremanekin konpontzeko saio guztiak agorturik, herritarren aldarria bere egin eta aldebakarreko bidetik jotzea erabaki izana, herriari hitza emateko.

Azken Kongresu konfederalaean (2017ko ekaina) ELAk ebazpen bat onartu zuen, honako edukiarekin:

a) Herri katalana burujabea dela aitortzen du.

b) Urriaren 1eko erreferenduma egitea eta politikoki loteslea izatea babesten du.

c) Espainiar estatuari exijitzen dio bertan behera utz dezala erreferendumaren aldeko erakunde eta instituzio katalanen jazarpena, eta eman diezaiela herritarrei askatasunez, modu baketsu eta demokratikoan adierazteko aukera.

d) Euskal alderdi politikoei galdegiten die ez diezaiotela babesik eman ahalegin betean Kataluniako autodeterminazioa mehatxatzen duten alderdi politiko eta erakundeei.

e) Europar Batasunari eskatzen dio urriaren 1eko erreferendumean hautestontzietako emaitza berehala onar dezala.

Azken hiletan erakunde eta herritar katalanek irmo eutsi diote beren etorkizun politikoa erabakitzeko asmoari, baina ez dute espainiar PPk gidatzen duen Espainiako Gobernuaren aldetik elkarrizketarako inolako aukerarik izan; aitzitik, hark Estatuaren makineria guztia (baita botere judizialaren erabilera politikoa ere) martxan jarri du Kataluniako herriaren aurkako errepresioa gauzatzeko. Espiral antidemokratiko oso larria dugu hau, Europan parerik gabea, eta irtenbide bakarra uzten du: erabakitzeko eskubidea aldebakarretik egikaritzea, bere ondorio guztiak barne (emaitzaren onarpena eta, hala balitz, independentzia adierazpena).

ELAk bere elkartasun betea adierazi die Kataluniako herritarrei, Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen eta Carme Forcadell Parlamentuko presidentearen bitartez. ELAko delegazio bat, Adolfo Muñoz idazkari nagusia buru zela, bi agintariekin bildu zen irailaren 21ean, hain zuzen espainiar Estatua Katalunian demokrazia egikaritzearen aurka errepresioa gogortzen hasi zen egunean.

ELAk, beste euskal sindikatu batzurekin batera, bere kezka adierazi du hainbat arrazoirengatik:

- Katalunian “salbuespen egoera” de facto aplikatu izana; izan ere, oinarrizko askatasunak ari baitira mugatzen, esaterako bilera, manifestazio eta informazio eskubidea.

- Autonomia katalana de facto eten izana eta kontu publikoen interbentzioa.

- Hainbat kargu publiko eta gizarte zibileko erakunderen aurkako errepresioa, atxiloketak eta auziperatzea, delitu oso larriak leporatu zaizkielarik, esaterako sedizioa.

Horrenbestez, ELAk egiaztatu du Katalunian elkarrizketaren garaia igaro dela, PPren Gobernuak behin eta berriz egin baitio uko, erakunde katalanek etengabe eskaini arren.

Kataluniak bere bideari jarraitu behar dio.