ELAk Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Larrialdi Orokorretan gertatzen diren kolapsoak salatu ditu
Kolapso orokor hori aste honetan eta joan den astean gertatu da, eta Zuzendaritzak ez du ezein konponbiderik bilatu.
Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuan eman den arreta kalitatezkoa izan bada, zerbitzuko profesionalen ahaleginengatik izan da, eta ez Zuzendaritzaren kudeaketagatik.
Hainbat urtetatik hona, ospitale honen politika oheak eta langileak kenduz joatea izan da. Eta emaitzak bistan daude, anabasa ia egunerokoa da, eta zenbaitetan, gripea zabaltzen den garaian, orain bezala, egoera are larriagoa da.
Larrialdi Zerbitzutik jakitera eman digutenez, gaixo batzuek 12 ordutan baino gehiagotan itxaron behar izan dute ohatilan, ingresatu baino lehen; eta kontuan izan behar dugu gaixo horietako asko adinekoak direla.
Ospitaleratze-solairuetaraino ere iristen da kolapsoaren eragina, zeren solairu batzuetan ohe gehigarriak sartzen ari dira. Hau da, gela ez oso zabaletan hirugarren ohe bat sartzen da; eta horrela, zer esanik ez, egonaldiaren erosotasuna, arreta eta ibiltze-erraztasuna eskasagoa da.
Donostiako Unibertsitate Ospitalean oheak jartzeko tokia badago —orain itxita dauden ataletan—, eta aurre-barneratze atal gisa erabil liteke; baina ez dute egiten, ZERGATIK? Lekua baldin badago, atal horiek artatzeko pertsonala kontratatzea besterik ez dago. Hori eginda balego, eta hala ere lekurik gabe egongo bagina, ez litzateke horren larria izango gizonezkoak ginekologia-ataletan sartzea, oraindik orain egiten hasi diren bezala.
ELA sindikatuak azpimarratzen du aipaturiko gabezia horiek guztiak Zuzendaritzaren kudeaketari egotzi behar zaizkiola, eta ez profesionalen lanari. Bertako langileek ahal duten guztia egiten dute, arretaren kalitateari eustearren.