ELAk arbuiatu egin du Confebaskek BGAEei buruz aurkeztu eta Jaurlaritzak bere egin duen proposamena

2013/02/06
ELAk gogora ekarri du Elkarkidetza, Geroa eta Itzarri-ren kapitala ez dela gobernuarena, ez patronalarena; aitzitik, langileena da, eta eginkizun sozial bat dagokiola. Ezin ulertukoa egiten zaio (baita bere jokabidearen adierazgarri ere) Jaurlaritzak patronalaren asmoa bere egitea eta bera gauzatzeko urratsak egiten hastea, sindikatuon iritzia entzun ere egin gabe.

ELAk bere jarrera plazaratu nahi du Confebaskek aurkeztu eta Eusko Jaurlaritzak antza bere egin duen proposamenari buruz; patronalak eta Lakuak nahi dute BGAEek (Borondatezko Gizarte Aurreikuspen Erakundeak) beren kapitalaren zati bat enpresentzako kreditua ematera bidera dezatela. Gogoratu beharra dago sindikatuok, batik bat ELAk, enpleguko BGAEetan (Elkarkidetza, Geroa eta Itzarri) daukagun ordezkaritza eta, horrenbestez, gure iritzia ere aintzat hartu beharrekoa dela.

Sindikatu honek proposamenaren inguruan honakoa adierazi nahi du:

PROZEDURARI DAGOKIONEZ.

  • JAURLARITZAK SINDIKATUAK EZ DITU AINTZAT HARTZEN. Ezin ulertukoa egiten zaigu (baita bere jokabidearen adierazgarri ere) Jaurlaritzak patronalaren asmoa bere egitea eta bera gauzatzeko urratsak egiten hastea, sindikatuon iritzia entzun ere egin gabe. BGAE horien kapitala ez da gobernuarena, ez patronalarena; aitzitik, langileena da, eta eginkizun sozial bat dagokio.

FINANTZA-ERAKUNDEEN EGUNGO JOKABIDEARI DAGOKIONEZ.

  • KREDITU GABEZIA eta KUTXABANK. Proposamenaren aldekoek (Confebask eta Eusko Jaurlaritza) ontzat ematen dute euskal finantza-sistemaren funtzionamendua, batez ere Kutxabankena. Guk, aldiz, ez. Kutxak bankarizatuta, bere garaian erakundeok sendotu eta indartzeko omen zen prozesua, eta “kreditua enpresa eta partikularrei iristea” lortzeko bide emateko zena, ez dago krediturik, edota usura interesekin ematen da.

  • FINANTZA-ERAKUNDEEN LEHENTASUN ESPEKULATIBOAREN AURKA. Aitzitik, Kutxabankek, beste banku batzuren moduan, bere finantza-jardueraren oinarritzat Administrazioek jaulkitako zor publikoarekin espekulatzea hartzen du; zor horrekin interes handiak poltsikoratzen ditu, eta hau herritarrok ordaintzen dugu, ezartzen dizkiguten murrizketa sozialekin. Gure iritziz, Kutxabankeko Administrazio-Kontseiluan dauden alderdiei exijitu behar zaie beren eginbeharrak aintzat hartu eta azalpena eman dezatela erakundearekin zer gertatzen ari den, guk bere esku jarri dugun diruarekin zertan ari den eta garai bateko Aurrezki-Kutxen eginkizun soziala non geratu den. Halaber, ELAk salatu egin du Kutxabankek zuzeneko eta azpikontratatutako enplegua suntsitzeko egin duen apustua. Gure irudiko, begibistakoa da erakunde honetan ez dagoela enplegua defenditzea baino “gizarte-ekintza” hoberik.

  • EUSKAL ADMINISTRAZIOAK BERE ZORRA ESTATUAK BAINO GARESTIAGO ORDAINTZEN DU. Datu makroekonomikoak kontutan izanik, ez dirudi justifikatuta dagoenik euskal administrazioak bere zorra merkaturatzeko Espainiakoak baino gehiago ordaintzea. Ezin dugu ulertu. Beste aldera zorra erostearen “onuradunak”, besteak beste, finantza-erakundeak dira, eta hau onartezina da. Zor publikoarekiko politika honekin Aurrekontu publikoetan interesen ordaina asko hazten da, eta zorra ordaintzea erreforma konstituzionalaren ondoren lehentasun bilakatu delarik, Jaurlaritzak berak murrizketa sozial gehiago justifikatzeko baliatzen du.

  • PATRONALA ETA FINANTZA-ERAKUNDEETAKO ARDURADUNAK, ELKAR HARTUTA. Deigarria da patronalak, bere finantzatzeko beharrizanak krediturik ez omen duen horrek, bere batzarretan hitz egiteko erakunde horietako arduradunak deitzea. Kreditu gabeziak beste eragin bat ere badu: Enpresarioak gero eta seta handiagoz ekiten diete soldatei. Honekiko ere euskal patronala eta finantza-erakundeetako arduradunak bat datoz.

BGAEek EKONOMIA ERREALARI BURUZ DUTEN KEZKA.

  • BGAEek EKONOMIA ERREALEKO PROIEKTUAK FINANTZATZEN DITUZTE. Ezin da ahaztu gaur egun badagoela aukera bat BGAEek enpresa-proiektuak finantzatzeko. Izan ere, hau normala da, eta araututako prozedura bat badago: aurkezten diren inbertsio-proiektuak aztertu eta BGAE bakoitzeko Gobernu-Batzordeak erabakitzen du zer finantzatzen den.

  • Jaurlaritzak helarazi duen proposamenaren arabera (guk zeharka eskuratu dugu), BGAEek beren kapitalaren zati bat bi finantza-erakunderen esku utziko lukete (Kutxabank eta Caja Laboral), hauek kudea ditzaten enpresei eman beharreko kredituak. Jaurlaritzak dio eginkizun honen ordainetan finantza-erakundeok kudeatutako kapitalaren portzentaje bat jasoko luketela. Hau ez dago ametitzerik.

  • LEHENTASUN SOZIALARI, EZ ESPEKULATIBOARI eutsi behar zaio;  eztabaida daiteke erakundeen kapitalaren zen zati bideratuko den enpresa-proiektuetara, baina ELAk uste du egungo prozedurarekin jarraitu behar dela. BGAE hauen eginkizun sozialaren aldekoak gara, eta horrek behartu egiten gaitu kontu handiz jokatzera ondareen kudeaketari eta finantzatzen diren jarduerei buruz.



ENPLEGUKO BGAEen ETORKIZUNARI DAGOKIONEZ.

  1. BGAEen kapitala erabili nahi duten erakunde berberek (Jaurlaritzak) erabaki dute Elkarkidetzarako eta Itzarrirako ekarpenak bertan behera uztea. Herri-administrazioen erabaki honek (ez dakigu noiz arte iraungo duen) bi erakunde horien etorkizuna arrisku bizian jarri du.

  2. Bestalde, GEROAren etorkizuna zalantzan dago, lan-legediaren eta negoziazio kolektiboaren azken erreformaz gero; izan ere, sektoreko negoziazioari zartada hilgarria eman baitiote. GEROAra egiten diren ekarpenak, oraingoz, sektoreko negoziazioaren iraupenarekin lotuta daude.

  3. Ezinbestekoa da BGAEen etorkizuna ziurtatzeko irtenbide orokorrak lantzea, eredua definituta eta gizarte-aurreikuspeneko helburuak finkatuta gera daitezen, xede finantziero eta espekulatiboetatik urrun.

  4. ELAk gogora arazi nahi du agintean zegoenean PSE-EEk aldatu egin zuela BGAEen legea, besteak beste BGAEen gobernu-batzordeetan gehiengo sindikalek zeukaten zer esana murriztuaz. Sindikatu honek aldaketa hau antidemokratikoa zela salatu zuen orduan, eta EAJri aurreratzen dio onartu ezineko eraso gisa ulertuko duela lege hau aplikatzea, arau demokratikoak hausten baititu, eta orain arte ezagutu dugun enpleguko BGAEen funtzionamendua desitxuratuko bailuke.