ELAk bat egiten du "Eskubideak ez daude salgai! Pobrezia Zero! Stop MMAri!" kanpainarekin

2005/12/16

ELAk bat egiten du "Eskubideak ez daude salgai! Pobrezia Zero! Stop MMAri!" kanpainarekin. Kanpaina honen barruan, abenduaren 16an, ostirala, elkarretaratzea egingo da Bilboko Arriaga Plazatik hasita, 19:30tan. ELAk elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen die Euskal Herriko langile guztiei.

Hau da ekimenarekin bat egin duten eragileek kaleratutako dokumentua

ESKUBIDEAK EZ DAUDE SALGAI! POBREZIA ZERO! STOP MMAri!

"Pobreek planetako biztanleen gehiengoa osatzen dute, baina, horrezaz gain, bazter guztietan daude. Inork galdetzen ez badie ere, hitz egiten dute. Horregatik, aberatsak hormak eraikitzen ari dira". (John Berger). Gaur egun, "merkataritza-liberalizazioko politikak" deritze horma horiei.

1995ean Mundu Merkataritzaren Antolakundeak (MMA) agintzari bikoitza egin zigun, alegia: mundua leku "zorionekoago, lasaiago eta fidagarriagoa" bihurtuko zuela eta "Estatu kideetako herritarren ongizatea" hobetuko zuela merkataritza liberalizazioaren bitartez.

Hamar urte geroago, Ministroen VI. Goi-bileraren atarian gaudela, errealitatea oso bestelakoa dela esan dezakegu. Nazio Batuen Erakundeak dioenez, MMAk bultzatutako politikek pobrezia eta langabezia handiagoa ekarri dute, desberdintasunak areagotu dituzte, batez besteko soldatak murriztu dituzte eta ingurumena hondatu dute.

Datuek ez dute zalantzarako tarterik uzten: munduko biztanleen %10 planetako aberastasunen %70aren jabe da, pobreenen %40 -egunean dolar bi baino gutxiagorekin bizi diren 2.500 miloi lagun- munduko baliabide guztien %5az ere balia ezin daitekeen bitartean. Horietako gehienak landa-guneetan bizi dira eta emakumeak dira. Planetan dauzkagun baliabideak aski dira pertsona guztiei bizitza duina ziurtatzeko, hala ere, egoera absurdu eta bidegabe honetan, urtean 5 urtetik beherako 10 milioi haur hiltzen da munduan, 50 milioi pertsonak du HIESA, hala ere, oso gutxik jasotzen du tratamendua eta 1.200 milioi pertsonak ez du edateko urik.

MMAren politika ekonomikoek gure inguruneko jendearen bizi-baldintzak gaizkitu dituzte. Izan ere, enplegu ezegonkor gehiago dago, halako moldez non EBko 17 milioi langile (hots, lanean dihardutenak) baino gehiago pobreziaren mugaren azpitik bizi baita eta beste 72 milioi, berriz, pobreziaren muga-mugan. Ildo beretik, lekuan lekuko nekazaritza ekonomiak desagertuz doaz (Euskal Herrian nekazaritzako ustiategi bat desagertzen da egunean), zerbitzu publikoak desegin dira, pobrezia kronikoa areagotu eta feminizatu da, emakume eta gizonen arteko desberdintasunak handitu egin dira, planetaren etorkizuna arriskuan jarri da, eta historia modernoan lehenbizikoz ezagutu den fenomenoa eman da, alegia: une honetan, belaunaldi berrien etorkizuna gure arbasoena baino zalantzazkoagoa da.

Horrela beraz, MMAk antolatutako VI. Goi-bilera honen aurrean, Euskal Herriko gizarte mugimenduek, sindikatuek, kristau taldeek, elkarteek eta, besteak beste, GKE-ok beren hitza bete dezatela eskatzen diegu duela bost urte Milurtekoaren Adierazpeneko Garapen Helburuak betetzeko eta pobrezia eta gosea desagerrarazteko konpromisoa hartu zuten gobernuei. Hitza betetzeak berekin dakar egunotan Hong Kong-en adostuko diren politikei uko egitea.

Goi-bilera horren helburuak salatu nahi ditugu, hemendik urrun ospatuko bada ere, eragina hurbil nabarituko dugulako. Izan ere, badakigu politika horiek sufrimendua dakarkietela herrialde pobreei, badakigu baita ere biodibertsitatea hondatzen dutela, baliabide naturalak suntsitzen dituztela eta gure lan eta bizi baldintzak gaizkitzen dituztela.

Elkarrekin bat egiten dugu, pobrezia desagerrarazi nahi dugulako eta gure eskubideak merkataritza politiken gain defendatu nahi ditugulako, alegia: bizimodu duina izateko eskubidea; dohaineko zerbitzu publiko unibertsalak erabiltzeko eskubidea; lurra, ura eta haziak ondasun komun gisa erabiltzeko eskubidea; elikadura-subiranotasuna izateko eskubidea; gizon eta emakumeen arteko ekitatea lortzeko eskubidea; ingurumen osasuntsua izateko eskubidea, eta abar. Dei egiten diegu euskal hiritar guztiei errebindikazio honekin bat egin dezaten, errebindikazioa parte-hartzeko eskubidearen eta gizateriarekiko konpromisoaren adierazpena den aldetik.

Inolako kontrol demokratikorik gabe erabakitzen duen eta askatasun espazioak murrizten dituen MMAri aurre eginez, herrien erabakimen eskubidea errebindikatzen dugu, eta, bide batez, bat egiten dugu helburu hauek mundu osoan errebindikatzen ari diren pertsona eta taldeekin, gure ahotsa goratuz POBREZIAren kontra eta BIZITZAren alde, MERKATUAn oinarrituriko gizarte ereduaren kontra eta ESKUBIDEetan oinarrituriko gizarte ereduaren alde, ESPOLIAZIOan oinarrituriko ereduaren kontra eta ARRETAZko ereduaren alde.

Nazioarteko aldarri horrekin bat egin eta hauxe diogu:

ESKUBIDEAK EZ DAUDE SALGAI!

POBREZIA ZERO!

STOP MMAri!