ELAk salatu duenez, Nafarroako Gobernuak bere egin du PPren, UGTren eta CCOOen arteko akordio urria
Nafarroako Gobernuak foru-langileen soldata-igoerak zenbatekoak izanen diren iragarri zuen joan zen astean: %1,5 abuztutik goiti, %0,25 gehiago zehaztu gabe noizdanik aplikatuko den, eta 2018ko Aurrekontuen Estatu Legeak baimentzen duen %0,3ko igoera negoziatu beharko da sindikatuekin irailetik aitzin.
ELAk uko egiten dio foru-gobernuaren proposamen horri, PPk, UGTk, CCOOek eta CSIFek 2018ko martxoan egindako akordioa ontzat hartzen duelakoan. Izan ere, akordio horrek babesa ematen die austeritate-politikei, eta ez du indargabetu sektore publikora hain ondorio larriak ekarri dituzten dekretuetariko bat ere. Oroitu beharrekoa da, halaber, akordioa betetzeko jarri den baldintza: autonomia-erkidegoek defizita, gastu-sabaia eta zor-muga bete behar izatea. Beraz, oinarrizko legeen bidez autogobernua ahultzeko joerari eutsi diote. Gure autonomia haien eskuhartzeen pean dago, eta de facto deuseztaturik.
Soldata-igoerari dagokionez, Madrilgo akordioa zeharo eskasa da, eta gainera ez dago loturik KPIren erreferentziarekin. Azken aurreikuspenen arabera, 30 urte beharko dira, onenean ere, azken urte hautetan galduriko eroste-ahalmena, %15ekoa, berreskuratzeko, Nafarroako administrazio publikoetan.
ELAk eskatu dio Nafarroako Gobernuari austeritate-politikak alde batera uzteko, eta baita Madrili jarraipen itsua egiteari ere behingoz uzteko. Aitzitik, benetako negoziazio-aldi bat ireki beharko luke, azken urteetan galduriko %15eko eroste-ahalmena berreskuratzearren. Orobat, behar-beharrezkoa dira enplegu-arloko akordioak egitea, sektore publikoko behin-behinekotasunaren tasa %35etik goitikoa baita, sektore pribatukoa baino anitzez handiagoa. Bertzalde, premiazkoa da sektore publikoko behin-behineko enplegu prekarioarekin bukatzea —milaka langileren behin-behineko egoera egonkortuz eta finkatuz—, eta baita azken urteetan murrizturiko gainerako lan-baldintzak lehengoratzea ere.