ELAk bat egingo du EHEk eta GUKAk deitutako manifestazioekin
Abenduaren 3a, Euskararen Eguna, ez da ospakizun huts eta folkloriko baterako eguna. Aldarrikatzeko, zapalkuntza linguistiko eta nazionala agerian uzteko eta euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea aldarrikatzeko eguna da. Euskararen aldeko konpromisoa ezin da adierazpen instituzionaletara mugatu, ekintza ausartetarako momentua da. Zoritxarrez bai EAEko zein Nafarroako instituzioek ez dute euskaldunen hizkuntz-eskubideak bermatuko dituen politikarik bultzatzen.
Euskara geldotze-aro betean aurkitzen da. Euskaldunen hizkuntza-eskubideak ez daude bermatuta. Euskara ikasteko aukera ez dago bermatuta eta ELA bereziki kezkatuta dago lan-baldintza prekarioak euskara ikasteko oztopo direlako. Era berean, euskara erabiltzeko espazioak ez daude bermatuta. Horregatik eskatu du ELAk lanbidearteko akordio baten eta itzulpengintza zerbitzuak hedatzeko beharra, euskara ikasteko lan-baldintzak sortu eta euskaraz aritzeko espazio komunak eraikitzeko.
Mundu mailako oldarraldi erreakzionarioa pairatzen ari gara. Betiko españolismoarekin batera, oldarraldi horrek euskararen aurkako forma hartzen du Euskal Herrian. Oldarraldi erreakzionario eta euskarafobo horri aurre egiteko momentua da eta euskararen aldeko borroka bestelako zapalkuntzen aurkako borrokekin lotzekoa. Hori da, hain zuzen, ELAk lan-mundutik egin nahi duen ekarpena, zapalkuntza guztiei euskaraz erantzutea.
Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea aldarrikatzea justizia sozialaren aldeko hautua da. Esandakoarengatik, ELAk dei egiten du abenduaren 3an eta 5ean kaleak euskaltzalez bete daitezen Bilbon eta Durangon.