Inmigranteen elkarteek bat egiten dute grebarekin

2011/01/22
Inmigranteen elkarteek bat egiten dute grebarekin
Murrizketa hauek langile-klaseari eragiten digute, salbuespenik gabe, baina egoera zinez jasangaitza izango da zabor-kontratua edo kolokako enplegua dugunontzat, lanaldi partzialarekin dihardugunontzat edo sektore feminizatuetako beharginentzat. Hain zuzen, horiek dira etorkin gehienok bizi ditugun egoerak, adierazi dute ordezkariek.

Espainia, EAE eta Nafarroako gobernuek krisiaren aitzakiaz hartutako azken erabaki antisozialekin eskubide laboralak eta soldatak murriztu dituzte, lan-merkatua erreformatu eta gastu publikoa zein soziala murriztu, talde ekonomiko txiki baten mesedetan eta gizarteko zati handienaren kalterako.  

Immigranteok gara kalterik handiena jasaten duten kolektiboetako bat, lehenagotik ere eskubide aski murritzak geneuzkalarik atzerritarren legea edota babeste eta errefuxiatzeari buruzko legearen ondorioz; espainiar estatuaren inposizioz, legeokin gehiegikeria edo xantaia pairatzeko arrisku handiagoan gaude. Gainera, gure indefentsioa larriagotzen duten erabaki instituzionalak, zerbitzuen itxiera eta dirulaguntzen murrizketa jasaten ditugu. 

Oraingoan, berriz, Espainiako gobernuak pentsio-sisteman erreforma egin nahi du, Nazioarteko Moneta Funtsak eta Munduko Bankuak exigitzen dizkioten politikei men eginez; erakundeon ibilbidea ongi aski ezagutzen dugu langile atzerritarrok. Zer egin nahi du gobernuak? 

  • Erretiratzeko adina 67 urtera atzeratu.
  • Pentsio bat jasotzeko eskubidea izateko kotizatu beharreko urte kopurua gehitu. Honek milaka herritarri eragotzi egiten die pentsioa lortzea; langile atzerritarroi dagokigunez, kopuru hori gehitzeak pentsio bat izateko dagokigun eskubidea ezinezko egingo du.
  • Oinarri arautzailea kalkulatzeko aintzat hartzen den urte kopurua gehitu (orain 15 urte dira). 20 edo 25 izatera pasa daitezke, edo are gehiago. Honela batezbesteko pentsioa %20 murriztuko luke.
  • Kotizatutako urteen arabera pentsioaren zenbatekoa gutxitu. %100 jasotzeko urte gehiago kotizatu beharra ari dira aipatzen (38-40).
  • Pentsioen erosteko ahalmenari eusteko araua kendu (orain derrigorrezkoa da).

 

Murrizketa hauek langile-klaseari eragiten digute, salbuespenik gabe, baina egoera zinez jasangaitza izango da zabor-kontratua edo kolokako enplegua dugunontzat, lanaldi partzialarekin dihardugunontzat edo sektore feminizatuetako beharginentzat. Hain zuzen, horiek dira etorkin gehienok bizi ditugun egoerak.

 

Pentsioen erreformarekin eta ustez etorkizun iluna dutela esaten dutenean helburu bat bilatzen da: sistema publikoaren aurka egitea, gero pribatizatu eta espekulatu ahal izateko; prozesu hau immigrante garenon jatorriko herri askotan bizi izan da.

 

Erantzun egin behar diegu erasoei. Kalera atera behar dugu, injustizia sozialak salatzera. Etorkinok ez gara erabili eta botatzeko gauzak; duintasunezko tratua zor zaigun emakume eta gizonak gara.

 

Urtarrilaren 27an grebarekin bat egingo dugu; gehiengo sindikalarekin batera mobilizatu egingo gara, aldaketa baten alde borrokatzeko, ekonomi- eta gizarte-eredu justu baten alde, herritar guztientzako berdintasuna ekarriko duena, edonon sortu direla ere.  

Agiri hau sinatzen dugun immigrante-elkarteok bat egiten dugu pentsioen erreformaren aurka egingo den greba orokorrerako deialdiarekin:

 

  1. BACHUE. Kolonbiar Errefuxiatuen Kolektiboa. Gasteiz
  2. SANGAMAR. Ondarroako senegaldarren elkartea
  3. Durangoko Ghanako Adiskideen Kultur-Elkartea
  4. AZRAF. Bilboko Marokoarren Elkartea
  5. PANGEA. Otxarkoaga eta Txurdinagako kulturarteko taldea
  6. FASODEN. Euskal Herrian bizi diren Maliarren Elkartea
  7. IDEASUR. Integración, Desarrollo y Educación al Sur. Gernika-Lumo
  8. ARGONI VASCO Elkartea
  9. MALEN ETXEA. Urola-Kostako Elkartea
  10. JAPPOO. Durangoko Senegaldarren Elkartea
  11. Encuentros aldizkaria
  12. Ozen Komunika
  13. Arabaeko Ghana Unión Kultur-Elkartea
  14. Mushu Pakari. Beasaingo Ekuatoriarren Elkartea
  15. Anitza Ekimena

ASUMDWE NE NKABOM. Ghanako emigranteen Euskal Herriko elkartea