Arabako erresidentziak

ELAk eta LABek proposamen berri bat egin arren, ez dago aurrerapausorik negoziazioan

2025/11/28
ELAk eta LABek proposamen berri bat egin arren, ez dago aurrerapausorik negoziazioan
Aldundiak gehiago inplikatu behar du gatazkaren konponbidean eta patronalak behartu aurrera egitera. ELAk eta LABek grebekin jarraituko dute. Prentsaurrekoa eskainiko dute asteartean, abenduaren 2an.

Gaur berriro elkartu da Arabako adinekoen egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmenerako negoziazio mahaia. 6 urteko borrokaren eta 50 egun baino gehiagoko grebaren ondoren, ELAk eta LABek uste dute gatazka konpontzeko funtsezko unean gaudela.

Hala ere, gatazkaren beste bi aldeek immobilismoan jarraitzen dute: Aldundiak egoeraren ardura hartu gabe jarraitzen du eta patronalek benetako lan baldintzen hobekuntzarik mahai gainean jarri gabe jarraitzen dute. Gaurko mahaian, ELAk eta LABek konponbidean aurrera egiteko kontraproposamen bat aurkeztu dute. Testu hori aurrerapausoa dela uste dute, eta horregatik eskatzen diete Aldundiari eta patronalei erantzukizuna.

Urtebete igaro da EAJ, EH Bildu eta PSE alderdi politikoek aurrekontu akordio bat lortu zutenetik, non, besteak beste, diru kopuru bat bideratzen zen Arabako adinekoen egoitzetarako lehen hitzarmena lortzeko. Bada, denbora igaro ondoren, ez dago hitzarmenik. Eta Aldundiak benetan esku hartzen ez duenez, ez da halakorik egongo. ELArentzat eta LABentzat egoera jasanezina da. Sindikatuak prest daude aurrera egiteko, baina gutxieneko batzuk egon behar dira.

Horrela, egoeraren irakurketa bateratua egin eta hurrengo urratsak zehaztuko dituzte sindikatuek.