Nafarroako gobernuak aurkeztutako aurrekontuak eta neurri fiskalak porrot egin duten politiketan jardutea suposatzen dute

2012/10/30
Fiskalitate eta aurrekontu politiken erabakietan gizarte erakundeen eta sindikatuen partaidetza eza salatu du ELAk gaur izandako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan (EGK).

 

Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren bileran Nafarroako Gobernuak 2013ko Aurrekontuen Aurreproiektua helarazi die bertako erakundeei. ELAk fiskalitatearen inguruko eta aurrekontuen inguruko erabakietan dagoen gardentasun eza gaitzetsi du bertan. Erabaki hauek behin hartutakoan ematen dira jakitera, inolako alternatibarik ez dagoela esanez gainera, hauek ez zalantzan jartzeko.

Nafarroako EGK ere ez da inongo salbuespena jardun horretan. Teorian kontsultarako batzordea den hau, Nafarroako Gobernuak Aurrekontuen Aurreproiektuaren berri ematea mugatzen da, inolako partaidetzari uko eginez.

Esanguratsua da zentzu honetan UPNren Gobernuak EGKk 2012 egingo duen bilera bakarrari eman dion garrantzia. Izan ere bi egun barru bidali beharko du Aurrekontu Proiektua Legebiltzarrera, eta erakundeei ere ez die denborarik eman aurrekontuen azterketa zehatz bat egiteko (aste bat). Beraz denborarik ere ez dio eman. Begi bistakoa da Nafarroako Gobernuak ez dituela itxurak gorde ere egin nahi. 

Aurrekontuei eta neurri fiskalei dagokienez, ELAk porrot egin duten politiketan jardutea dela gaitzetsi du:

    • 2013ko aurrekontuak murrizketa garrantzitsuak dakartza. Politika hauek egoera ekonomikoa kaltetzen dute, eta eragin latza dute gizartean: langabezia gehiago, osasun, hezkuntza, gizarte zerbitzu, etb. publikoen kalitatearen okertzea eta pobrezia gehiago.

    • Zenbait zerga aldatzeko Nafarroako Gobernuak mahai gainean ezarri dituen neurrien inguruan, politika berdinarekin jarraitzea suposatzen dute eta hutsalak direla salatu du ELAk.

Hau guztiagatik, ELAk UPNren Gobernuari demokrazian sakontzeko eta politika fiskaletan eta aurrekontu politiketan erabateko aldaketa exijitzen dio.